“Ez al litzateke sozialki eta ekonomikoki errentagarriagoa izanen pertsonak formatzea eta haiei lan baimenak ematea, laguntza sozialen menpe biziaraztea baino?”. Iruñeko eta Tuterako Elizbarrutiko Caritaseko zuzendari Maite Quintanak egin zuen galdera atzo, haren elkartearen 2023ko memoriaren aurkezpenean. Hari beretik tiraka, beste itaun bat formulatu zuen: “Egokia al da laguntza soziala lehenago jaso ahal izatea lan baimena baino?”.
Quintanak adibide zehatzak jarri zituen. Egun, Nafarroa Garaian, ikasketa konbalidazioak eta lan baimenak lortzeko bizpahiru urte behar dira. “Gurekin zenbait ginekologo eta erizain egoera horretan izan ditugu, lan egiterik izan gabe, gure laguntzak jasotzen, haien profileko profesionalen premia larria izanda”.
Hirutatik batek batxilergoa edo goi ikasketak ditu
Quintanak jakinarazi zuenez, 2023ko azarora arte, Iruñeko bulegoan, etxerik gabeko 576 pertsona artatu dituzte. Eta “eskema guztiak hautsi dira, erabiltzaileen profilari dagokionez”. Garai batean batez besteko adina 50 urtekoa zen. 2020an, 44ra jaitsi zen. 2021ean, 41,7ra eta 2022an 40ra. 2023an 37ra jaitsi da. Beste datu bat eman zuen: “Hiru erabiltzaletatik batek batxilergoa edo goi ikasketak ditu”. Erabiltzaileen artean emakumezkoak gero eta gehiago dira: 2014an 12 izan ziren, eta 2023an 50era iritsi dira. Artaturiko pertsonen jatorriari dagokionez, %62 afrikarrak dira. 2020an %45 ziren.