Euskara berriro meritua izanen da eremu mistoan

Juan Kruz Lakasta Zubero 2023ko abe. 14a, 07:37

Foru gobernuak dekretu berria kontuan hartzea onartu zuen atzo. Nafarroako Kontseiluak horren inguruko irizpena eginen du. Testuak euskara baloratu gabe uzten du eremu ez euskaldunean.

Euskararen Legearen araberako eremu mistoan euskara atzera bueltan meritu moduan balora dadin lehen urratsa egin du Nafarroako Gobernuak. Atzoko bilkuran dekretu berria aintzat hartzea onartu zuen.

2019an epai judizial batek indarrik gabe utzi zuen 2015eko Uxue Barkosen gobernuaren foru dekretua. Ordutik, euskara eremu euskaldunean soilik baloratzen zen administrazioko lanpostuak lortzeko oposizio eta lehiaketetan, Maria Txibiteren gobernuak joan den legealdian ez baitzuen dekretu berririk onartu.

Nafarroako Gobernuak orain planteatu duen dekretuaren arabera, euskara eremu euskaldunean eta mixtoan baloratuko da meritu moduan UPNren gobernuaren garaietan egiten zen bezala, ez ordea ez euskaldunean, Barkosen gobernuak nahi zuen moduan.

Dekretua indarrean sartzen denean, eremu mistoko oposizioetan -hau da, Administrazioko lanpostuen %90ean- euskarazko C1 maila dutenek 2,1 puntura arte jaso ahal izanen dituzte. Eremu euskaldunean, aldiz, 3,3ra arte. Jada funtzionarioak direnen lekualdaketetan, euskarak gehienez 6,9 puntu emanen ditu eremu mistoan, eta 11,5 euskaldunean.

Merituen dekretuaren auziak tira-bira handiak eragin zituen joan den legealdian PSN eta Geroa Bai gobernukideen artean. Geroa Bairen aburuz, “dekretu berria berandu dator” eta “ez da osoa”. Foru gobernuaren eledun Amparo Lopezek atzo dekretuaren berri ematerakoan mabarmendu zuenez, berriz, “dekretuak herritarren eskubideekiko errespetua, errealitate soziolinguistikoa eta aukera berdintasuna uztartzen ditu”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!