Nafarroa espainiar sentimendurik ahuleneko erkidegoa da

Juan Kruz Lakasta Zubero 2023ko abe. 12a, 07:26

Foruen monumentua, artxiboko irudi batean.
  • Identitateaz galdetuta, nafarren %4,8k soilik aipatzen dute espainiartasuna lehen aukera moduan, CISen azken inkestaren arabera.
  • Ikerketak halaber dio ez sinistun ehunekorik handienekoa dela foru erkidegoa, herritarren %33arekin, erkidego guztien batez bestekoa %15,9koa izanda.

Espainiako Ikerketa Soziologikoen Zentroaren (CIS) azken inkestak dioenez, Nafarroa da Espainiarekiko lotura ahuleneko erkidegoa, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Kataluniaren aurretik. Nafarroa Garaian nagusiki espainiar sentitzen diren herritarrak %4,8 dira soilik. Estatuko erkidego guztien artean ehunekorik txikiena da, Ibai Fernandezek DIario de Noticias egunkariko artikulu honetan nabarmendu duen bezala.

Ikerketa horren arabera, foru erkidegoko herritarren %28,6 nafar bezain espainiarrak sentitzen dira; %21,4 nafarragoak espainiarrak baino; eta %23,8 nafarrak soilik. CISen galdetegiak ez zuen eskaintzen euskal identitatea adierazteko aukerarik, baina inkestari erantzun diotenen %23,8k aurreko aukera guztiei ezetz erantzun diete, eta pentsatzekoa da horiek guztiek euskal herritartasuna izanen zutela gogoan.

Foru Parlamentuaren azken Navarrometroaren arabera, bost nafarretatik lau nafarrak sentitzen dira. Haietatik %45,1ek uste dute soilik nafarrak direla; %20,1ek diote nafar euskal herritarrak direla; %8,6 euskal herritar-nafar-espainiarrak direla; eta %6,8 nafar espainiarrak direla.

Euskarabidearen enkarguz Eusko Ikaskuntzak nafar identitateaz egindako ikerketa zuzendu zuen Julen Zabaloren arabera, Nafarroa Garaian talka handia dago espainiar eta euskal identitateen artean, eta nafar sentimendua soilik adieraztea talka horri iskin egiteko modu bat izaten da sarri. Honatx Zabalori Ttap aldizkarian egindako elkarrizketa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!