Kalean bizitzera kondenaturik

Maialen Huarte Arano 2023ko aza. 20a, 12:55

Iruñean 100 herritar baino gehiago dira "kale gorrian" bizi direnak. Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak irtenbide bat emateko duten "utzikeria" salatu dute kalean zenbait kolektibo eta entitatek. ·Langabeak, adin txikikoak dituzten familiak eta pertsona zaurgarrienak dira kalean bizitzera "behartzen" dituztenak. Hala salatu dute Mugak Zabalduz, Paris 365, SOS Arrazakeria eta Hazia taldeek. 

Eta zuri, kalean bizitzea gustatuko litzaizuke?, galdera horixe egin diote euren buruei zenbait kolektibo eta entitate sozialek Iruñean. Protesta egin dute Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren "utzikeria" salatzeko. Izan ere, 100 pertsona baino gehiago dira kalean bizi direnak. Kalean lo egiten dutenak. Oinarrizko eskubideak urratu egiten zaizkiela salatu dute SOS Arrazakeriak, Elkarri Babesa, Paris 365, Haziak eta Mugak Zabalduk, besteak beste. Premiazko neurriak eskatzen ari dira.

Langabeziari, lan prekarietateari eta alokatzeko gehiegizko prezioei asko dira bestelako zailtasunak gehitzen dizkietenak, gehigarri zaizkienak: "Lanik gabe daude, beren kargu adingabeak dituzte, Tutoretzapeko gazte ohiak dira edo bere jatorria kanpoan izanda alokairua ukatzen zaie", esan dute komunikatu batean. Salatzen ari dira beharrezko baliabide edo eskumenik ez izatearen aitzakia baliatzen dutela kalean bizitzera behartzeko eta hala Iruñetik edo Nafarroatik alde egiteko erremediorik ez dutela izaten. Egoera jasanezina zaie askorentzat: bizitokirik gabe, jatekorik gabe, garbiketa duin bat izan gabe, erroldan sartzeko ezintasunez, jazarpena gero eta gehiagotan izanda eta gero eta traba gehiago jarriz arreta medikoa jasotzeko.

Bigarren aterpetxea, eskas

Azken astean iragarri zuen Iruñeko Udalak bigarren aterpetxe bat zabalduko zuela hotz garai hauetan berotasun gutxienekoa izan zezaten kalean bizi ziren herritarrek. Baina hori motz geratzen dela iruditzen zaie. 50 plaza eskainiko ditu eta ez da nahikoa 100 lagun baino gehiago daudelako une hauetan kale gorrian. Horrez gainera, urte osoan erabilgarri izateko eguneko zentroa beharko litzatekeela eta jantoki sozialetako lekuak ere handitu beharra daudela uste dute. Nahitaezkoa da tokiko gizarte zerbitzuek eurekin gizarteratze prozesuak hastea, bai eta erroldatzeko eskubidea bermatzea ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!