Igandean jakinarazi zuen Etxebizitza Sindikatu Sozialistak etxebizitza bat okupatu zutela zenbait familiek Jarauta kalean. Iruñeko Udalaren jabegokoa da eraikin hori eta kaleratu nahian dabiltza. Iruñeko Jarauta kaleko 19. zenbakian sartzen saiatu dira Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kide batzuk, eraikina okupatu zutenentzako elikagaiak eta higiene produktuak eramateko. Iruñeko Udaltzaingoak, baina, bidea itxi die. "Sarbidea kontrolatzen dute une oro, ez dute inor sartzerik nahi", azaldu du Iker Narbona sindikatu horretako kideak. "Dagoeneko hiru dira hustu dituzten etxebizitzak: familiak zerbaitengatik etxetik atera eta aukera hori aprobetxatu du poliziak zerraila aldatu eta berriz sartzen ez uzteko", azaldu du. Jakinarazi dutenez larrialdiko etxebizitza bat eskaini zaio familietako bati. Oraindik ere Jarauta kaleko 19.ean bi familia daude eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren babesa izanen dutela jakinarazi dute.
Eraikina hutsi dago aspalditik
Iruñeko Udalarena da eraikina; zehazki, Iruña Biziberritzen udal enpresarena. "Alde Zaharreko eta I. eta II. Zabalguneetako jardun urbanistikoaz eta birgaitze ekonomiko eta sozialaz" arduratzen den enpresa publikoa da. Etxebizitza sindikatuaren arabera, ordea, "negozio modura" jorratzen dute etxebizitzaren auzia: Bloke horretarako etxebizitza gehienek urteak daramatzate hutsik, eta horrek erakusten du udalak ez duela etxebizitza kudeatzen pertsonen beharren arabera, negozioaren arabera baizik, uste dute.
Etxebizitza sindikatuak jakinarazi du adingabeak dituzten familiak, aurretik etxegabetuak izan direnak, genero indarkeria sufritu duten emakumeak, emantzipatu ezinik dauden gazteak eta etxebizitza bat alokatzeko aukerarik ez dutenak direla Jarautako eraikinean sartu direnak.