Ikastetxeetako eskola jardunaldien foru legea kritikatu dute familiek kalean egindako protestetan

Maialen Huarte Arano 2023ko aza. 10a, 08:37

Joan den astean aurkeztu zuen Hezkuntza Departamentuak ikastetxeetako jardunaldiak arautzeko Foru Legea eta Eskola Kontseiluak babestu egin du. Foru lege horren arabera ikastetxe guztiak izanen dira heldu den ikasturtetik aurrera jardunaldi zatituarekin, nahiz eta, gehiengoak, %84 jardunaldi malgua edo jarraia izan. Hezkuntza alorreko sindikatu guztiek kritikatu dute foru legea eta orain kalera atera dira baita ikastetxe hainbatetako familiak ere. Foru lege bidezkoago bat eskatzen ari dira. 

Hezkuntza alorreko sindikatu guztiek kritikatu dute ikastetxeetako jardunaldia arautuko duen foru legea. "Ikastetxeek egina duten hautua ez du errespetatzen", esan dute. Foru agindu horrek planteatzen duen botazioa ere "ez da bidezkoa": diote sindikatuek gehiengo soilaren bitartez erabaki beharko litzatekeela zer nolako jarduna ezarri, bestela, jardunaldi zatituaren aldeko jarreratzat hartuko litzatekeelako botoa ematera ez doanaren nahia.

144 ikastetxek dute ezarria jardunaldi malgua edo jarraia. Horiek hasierako jardunaldira itzuli beharko lukete eta botazioaren prozesu osoa abian jarri, horrek dakarren guztiarekin, salatzen ari dira. Elkarretaratzeak egin dituzte familiek Iruñean eta Tuteran. "2022an Carlos Gimeno kontseilariak esan zien berrikusi eginen zituela botazioen baldintzak eta gehiengoen afera", esan dute familiek eta kritikatu halakorik ez duela egin. "Ez hori bakarrik. Hezkuntza departamentuak ez ditu bestelako gaiak kontuan hartu familien ustez: garraio zerbitzuak eta ikasle bekak", kritikatu dute.

Lomloe hezkuntza legeak dioenarekin bat egiten duela dio Gimenok. "Irakurketa interesatua egiten du: gehiengo kualifikatua behar dela dio, baina desproportzionatua da", uste dute. Hezkuntza komunitateari dei egin diete familiek: kalera atera daitezela eta eska dezatela araudi bidezkoago bat, proportzionala eta ordezkagarria.

Bien bitartetan hezkuntza departamentuak bereari eusten segitzen du eta ikastetxeek botoa eman dezaten zein izanen den egutegia finkatzen ari da. Ikastetxe publikoetarako erabiliko da foru agindua eta egun jardunaldi jarraia duten 144 ikastetxek berriz ere botazio prozesua martxan jarri beharko dute jardunaldi hori mantendu ahal izateko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!