Esa urtegia handitzeko lanak, geldirik

Maialen Huarte Arano 2023ko urr. 25a, 12:43

"Segurtasun faltagatik" geldirik daude Esa urtegia handitzeko lanak Rio Aragon Elkartearen esanetan. Lan horien kontratua eteteko eta proiektua berrikusteko eskatu du talde horrek. "Bideragarritasun eza" onartzeko eskatu diote Ebroko Ur Konfederazioari. 

Esa urtegia handitzeko lanak geldirik daude. Hala jakinarazi du Rio Aragon Elkarteak. Duela 22 urte hasi ziren urtegi hori handitu nahian eta ordutik "arazoak" baino ez dira egon. "Segurtasun aldetik ez dago ziurtasunik eta bideragarritasuna ere ezin da bermatu", nabarmendu du Elkarteak. "Bi langile daude azken asteotan bakarrik Esako urtegian: bata administrazio lanetan eta bestea segurtasun zaintzan. Modu horretan UTE Yesa enpresarekin abian den kontratua ez etetea lortzen ari dira", salatu du Rio Aragonek. Izan ere han bi langile arituta ezin zaie "utzikeria" egotzi eta lan kontratua eten. Belen Ausejo Urbizi taldeko kideak esan du eskuin hegala mugitzeaz gainera bestelako arazoak ere sortzen ari zaizkiela Ebroko Ur Konfederazioari eta Espainiako Ministerioari ere: "Ezkerrekoak ere hainbat arazo ditu.Alibiadore batzuk gaizki eginak dituzte eta batzuk 40 metro mugitu beharko lituzteke", azaldu dute. Sigues herria defendatzeko harresia ere gaizki egina dagoela jakin dute argitaratu den laugarren modifikazio baten bidez. "Ministerioak ez du argi jokatu urtegi honen handitze lanekin eta orain ere ez da erraza izaten ari informazioa izatea", salatu du. 

Egoera horren aurrean Esa gehiagorik ez plataformak eta Rio Aragon Elkarteak "bideragarritasun eza" onartzea eta Esa handitzeko lanen gelditzea zein kontratua etetea eskatu dute. "Proiektua goitik behera berrikusi beharko litzateke eta egungo prentsa finkatu. Modu horretan segurtasun maila 460ra jaitsi eta orain arte egindako okerrak zuzendu beharko lirateke", esan dute. 

Esa urtegia handitzeko lanak 2001ean hasi ziren eta garai hartan aurreikusitako aurrekontua laukoiztu egin da. 400 milioi euro xahutu dituzte guztira. Segurtasun faltagatik zalantzan jarri dute urtegiaren handitzea batez ere eskuin hegaleko lanetan mugimenduak sortzen zirelako. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!