Gaur hasiko da 'Haurren aurrean helduok heldu' ekimena

Bidane Beloki Ezker 2023ko urr. 19a, 10:01

Helduek haurren hizkuntzaren ikaskuntza eta sozializazio prozesuan duten eraginaz sentsibilizatzea eta hausnartzea da Topaguneak antolatutako jardunaldien helburua.

Bigarrenez Haurren aurrean helduok heldu ekimena antolatu du Euskaltzaleen Topaguneak. Urriaren 19an abiatuko da, eta urriaren 29ra bitartean, bi helbururi helduko diete jardunaldiek: batetik, helduen arteko hizkuntza ohituretan eragitea eta, bestetik, helduok haurren hizkuntzaren ikaskuntza eta sozializazio prozesuan duten eraginaz sentsibilizatzea.

Horretarako, "hizkuntzen sozializazioa, eta helduen eredugarritasuna eta erreferentzialtasuna" bezalako gaiak sakonean landuko dituzte Iruñean antolatutako jardunaldietan. Jarduerak bideratuta daude 0 eta 12 urte bitarteko haurrekin harreman zuzena duten eta hizkuntzaren transmisioan eta eredugarritasunean eragiten duten pertsona helduei; gurasoei, zaintza-lanetan ari direnei eta senideei, besteak beste.

10 eguneko ekimenari hasiera emateko, ostegunean, urriaren 19an, jardunaldia antolatu dute Iruñean. Bertan, gai horietan adituak diren lau hizlari ariko dira, bi saiotan banatuta. Goizeko saioa Kondestable jauregian izango da eta 09:45ean hasiko da. Paula Kasares eta Rosa Ramos soziolinguistak eta Gemma Sangines psikologoa ariko dira bertan. “Hizlari bakoitzak bere esparrutik egingo du ekarpena, eta hori da, hain zuzen ere, jardunaldien indarguneetako bat”, aipatu du ekimenaren koordinatzaile Jon Zapatak. 

Arratsaldeko saioa, berriz, Laba aretoan izango da, eta Kike Amonarriz izango da bertaratzen diren gurasoei nola eta zertan lagundu dezaketen azaltzen. Euskararen erabileran aurrerapausoak emateko nola eta zertan lagundu dezaketen azalduko die. "Haurrek eta gazteek euskara ikastetxeetatik kanpo erabiliko baldin badute, ezinbestekoa izango da horretarako baldintza eta eskaintza egokiak sortzea", azaldu du Topaguneak.

Goizeko zein arratsaldeko saioa doakoak dira eta publikoari zabalik daude, baina goizeko saioan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!