ELA sindikatua kezkatuta dago Siemens-Gamesan egon daitezkeen kaleratzeekin

Maialen Huarte Arano 2023ko urr. 11a, 12:48

Siemens-Gamesa enpresako langileak arduratuta daude euren etorkizunarekin. Zuzendaritzak 2021etik diru-galerak aurkeztu ditu eta aerosorgailuen alorrean sortzen ari den lehia "desleialari" aurre egiterik izanen ote duen zalantzan jarri dute ELA sindikatuko ordezkariek gaur. Enpleguari eusteko eta enpresaren etorkizuna ziurtatzeko "inplikazioa" eskatu die erakunde politikoei. 

"Siemens-Gamesak ez dizkie lan kontratuak berritzen azpikontratatutako langileei", ohartarazi du ELA sindikatuko industria alorreko arduradun Puy Remirezek. Kezkatuta mintzatu dira enpresa horretan lanean ari diren langileak: "Aerosorgailuen Europako hiru fabrikatzaile nagusiek 2021. urtetik diru-galerak aurkeztu dituzte. Beldur gara horrek ez ote dituen ekarriko kaleratzeak gurean", azaldu du Remirezek. 

Errentagarritasunak behera egin du eta hala enpresak eurak arriskuan egon daitezkeela uste dute. Lehengaien prezioaren igoerak, inflazioak, lehia desleialak jarri ditu kinka larrian. Batez ere Txinatik ari dira iristen enpresa berriak eta eurekin leihatzea ezinezkoa da: enpresa horiek diru-babes handiak izaten dituzte eta eskaintzen dutenari aurre egitea ezinezkoa zaie gainerako herrialdeetako enpresei.

Europako Batzordeak duela egun batzuk iragarri zituen neurri zenbait industria eolikoan dauden oztopoak gainditzeko, baina kezka dute ez ote diren garaiz iritsiko.Kualifikazio handiko lanpostuak dira eta energia berriztagarriari dagokiona da. "Beste lurraldeekiko menpekotasunez bizi nahi ez badugu, neurriak hartzea ezinbestekoa da", esan du ELA sindikatuko Remirezek. Nafarroako Gobnernuarekin orain arte batzartu direnean ez dute hitzetatik haragoko jarrerarik aurkitu eta "inplikazioa" eskatu diote. 

Erakundeei babesa eskatu diete

Gobernuekin bilduko da datozen asteetan. Izan ere, beldur dira datorren azaroaren 21ean enpresak aurkeztuko dien Plan Estrategiko berrian lanpostuen galerak izanen ote diren. Kaleratzea dagoeneko izaten ari dira, ez modu zuzenean baina bai zeharka. 250-300 langile gutxi gora behera.

"Erregulazioa falta da eta bilakaera tekniko-teknologiko eskasa ikusten dugu gobernuengandik", azaldu du. Babesa eta inplikazioa eskatu dituzte berandu izan baino lehen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!