Euroituna urratu egiten dela salatu dute Behatokiak eta Kontseiluak

Juan Kruz Lakasta Zubero 2023ko urr. 2a, 14:00

Idurre Eskisabel eta Agurne Gaubeka, gaurko agerraldian. (Argazkia: Maialen Huarte)

Nabarmendu dutenez, Nafarroako Gobernuko lanpostuen %3k soilik dute euskarazko profila, Hezkuntza alde batera utzita; foru administrazioarekin prozedura elektronikoen %17 soilik egin daitezke euskaraz; eta Txibiteren exekutiboak ez du euskara sustatzen eremu ez-euskaldunean.

Europako Kontseiluak duela 25 urte sortu zuen Hizkuntza Gutxituen Euroituna, mintzairok babesteko eta sustatzeko. Espainiak 2001 urtean berretsi zuen itun hori. Aurtengo abuztuan, Espainiako Gobernuak 2017-2021 epean egindako urratsei buruzko autobalorazioa plazaratu zuen -egin duen seigarrena-; eta orain, Europako Kontseiluko adituek horri buruzko iritzia eman behar dute.

Euskalgintzaren Kontseiluak eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak haien irakurketa propioa egin dute; gaur Iruñean aurkeztu dute, eta urrian Euskal Herrira etortzekoak diren Aditu Batzordeko kideei emanen diete. Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabel eta Behatokiko zuzendari Agurne Gaubeka argi mintzatu dira: administrazioak Euroituna urratzen ari dira. “Europatik Espainiako Estatuari bosgarren ebaluazioaren ostean ezarri zitzaizkion berehalako neurriak martxan jarri behar zituen arren, ez betetzeetan katramilatuta segitzen du”.

Nafarroako Administrazioari dagokionez, Euroitunak finkaturiko gutxienekoak euskara hizkuntza ofiziala den eremuetako euskaldunak artatzeari dagokionez guztiz zaila da, foru administrazioko lanpostuen %3k soilik edukita euskarazko profila, edo prozedura elektronikoen %17 soilik egin badaitezke euskaraz.

Bestalde, itunaren hirugarren atalean zehazten denaren arabera, Txibiteren exekutiboak euskara sustatu beharko luke ofiziala ez den eremuetan. Kontseiluaren eta Behatokiaren aburuz, hori ez da betetzen ari, D ereduko lerro berriak irekitzea oztopatzen baita, unibertsitatean euskaraz ikasteko eskubidea bermatzeke baitago.

Estatuko Administrazioari dagokionez, Botere Judizialaren Lege Organikoak talka Euroitunaren bederatzigarren artikulua urratzen du; izan ere, legeak ahalbidetzen du ezein prozedura judizialetan alde batek hizkuntza gutxitua ez duela ezagutzen esatea aski da prozedura guztia gaztelania hutsez egin ahal izateko. Bestalde, Estatuaren Administrazioko langileen artean, Nafarroan, %1ek soilik daki euskaraz. Euskal Autonomia Erkidegoan proportzio hori %11ra iristen da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!