Harrera familiak behar dira Nafarroan babesgabe dauden 260 adingaberi arreta eskaintzeko

Euskalerria Irratia 2023ko ira. 29a, 13:21

Harrera-egoitzetan daude Nafarroan 260 adingabe. Arreta egokiago bat emateko eta haur zein nerabe horiei babesgune bat eskaintzeko familien bila dabil Nafarroako Gobernua. Sentsibilizazio kanpaina jarri du abian herritarrak pauso hori ematera anima daitezen. 

Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialetako eta Enpleguko Departamentuak sentsibilizazio-kanpaina bat jarri du abian, etxe bat bilatzeko eta gaur egun Nafarroako Gobernuaren babes-sistemako zentroetan bizi diren haurren kopurua murrizteko.

Familia-harrera hori aldi baterako neurria da, eta adingabeei familia-ingurune egokiago batean bizitzeko aukera eskaintzen die, haien garapen pertsonal eta sozial egokia bermatzearren. Horretarako, heldutasuna, egonkortasuna eta adingabeak zaintzeko nahiko baldintza fisiko eta psikikoak dituzten familiak behar dira, egonkortasuna emateko eta adingabea sare sozial zabalago batean integratzeko gaitasuna ez ezik, hezteko denbora eta arau sozialak eta balioak transmititzeko trebetasunak ere dituztenak.  

Nik nire haurtzaroa ematen dizut, sentsibilizazio-kanpaina gaur goizean aurkeztu du prentsaurrekoan Pertsonen Autonomia eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzailea den Ines Frances Romanek, eta jakinarazi du, egun, 260 adingabe baino gehiago Nafarroako Gobernuaren babes-sistemako zentroetan bizi direla. Agerraldian, Ines Francesekin batera izan da Chus Sádaba, Magale Elkartekoa (Nafarroako Harrera Familien Elkartea) eta bi anai-arreben harrerako ama, jada adinez nagusiak direnak. 

Kanpainaren pieza nagusia spot bat da, eta iraupen desberdineko bertsioak ditu. Kontakizun subjektibo bat erabilita, emozioei dei egiten die oroitzapen-kutxa baten bidez, eta horrek babesgabetasun-egoeran dagoen adingabe batentzat familia batek etxean hartzeak esan nahi duen esperientzia sinbolizatzen du. Halaber, liburuxkak, kartelak, irrati-iragarkiak eta biniloak egin dira kanpoko errotulaziorako. Kanpainaren aurrekontua 30.000 eurokoa da, eta euskarri eta komunikabide ezberdinetan garatuko da urriko lehen hamabostaldian. 

Ines Francesek bere hitzaldian nabarmendu du kanpainaren helburua dela etorkizuneko harrera-familiei helaraztea haien ekintzak adingabeentzat izan dezakeen esanahia: “Norbaitek bere haurtzaroa ematen dizunean, zure esku uzten du bera babesteko eta zaintzeko beharra, eta bere maitasuna ematen dizu. Norbaitek bere haurtzaroa ematen dizunean, zure haurtzaroa markatu zuen hura partekatzeko aukera ematen dizu: parkeko jolasak, autobuseko bidaiak… Norbaitek bere haurtzaroa ematen dizunean, erronka garrantzitsuena ere proposatzen dizu: bizi-proiektu bat eraikitzea zaintza eta segurtasuna, afektua eta auto-estimua oinarri hartuta. Bide horretan une errazak zein zailak egongo dira, familia guztietan gertatzen diren bezala”.

Harrera-familia izateko baldintzak eta prozedura 

Familia-harrera legezko babes-neurri bat da, eta haur bat aldi baterako zaintzeko aukera ematen dio familia bati. Familia horrek konpromisoa hartuko du haurra zaintzeko, artatzeko, elikatzeko eta harrerak irauten duen bitartean prestakuntza integral bat ematen ahalegintzeko. Harrera bakoitzaren iraupena eta ezaugarriak haur bakoitzaren premien eta egoeren arabera adosten dira. 

Edozein familiak, haren egitura edozein dela ere, hots, pertsona batek edo seme-alabak dituen edo ez dituen bikote batek, programan parte hartzea eska dezake. Gogorarazi behar da harrera ez dela adopzioa, eta, oro har, aldi baterako neurri bat dela, adingabea bere jatorriko familiatik irtetera bultzatu zuten zailtasunak gainditu arte.  

Lehen urrats moduan, harrera-familia izan nahi duten pertsonek Nafarroako Gobernuko Familia eta Adingabeen Zuzendariordetzarekin jarri behar dute harremanetan, eta, horretarako, bide hauek erabil ditzakete: esteka hau, acogimiento@navarra.es posta elektronikoa edota 848421210 telefono-zenbakia. 

Ondoren, familia-harrerari buruzko lehen informazioa jasoko dute familiek, modu indibidualizatuan edo taldeko informazio-hitzaldiaren bidez, Nafarroako Gobernuko taldeko profesionalek antolatuta.  
Harrera-familia izatea formalki eskatzen duten familiei, Nafarroako Gobernuko teknikariek haien baldintza fisiko, psikiko eta sozialak baloratuko dizkiete, harrerarako motibazioak eta familia-ezaugarriak aztertzearekin batera. Halaber, etxez etxeko bisita bat egingo du, etxebizitzak eta inguruneak eskaintzen dituzten edukiera eta bizigarritasun-baldintzak ezagutzeko. 

Egokitzat jotzen badira, pertsona horiek familia-zorroan sartuko dira, harik eta haiek har dezaketen haur bat egokitu arte. Lehenik, familiak proposamena jasoko du, eta onartu edo baztertu ahal izango du. Onartzen badu, adingabea eta familia prestatzeko, harremanetan jartzeko eta egokitzeko prozesu bat hasiko da, adingabea familiaren etxean sartu arte.

Familia eta Adingabeen Zuzendariordetzak familia-harreraren bilakaeraren segimendua egingo du, eta, prozesu osoan zehar, adingabeari, harrera-familiari nahiz familia biologikoari lagunduko die. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!