Zaborretara bota behar zituzten 2.572 tona janariri irtenbide eman dio Elikagaien Bankuak

Maialen Huarte Arano 2023ko ira. 27a, 12:02

Xahutzen den elikagai kantitatearekin kezkatuta agertu da Nafarroako Elikagaien Bankua Fundazioa. Kontzientziazioa lantzeko ikasleekin solasaldiak egin ditu kolektiboak Iruñean. Ohartarazi du egoera onean dauden produktu asko botatzen dela oraindik. 

Nafarroako Elikagaien Bankuak 25.243 herritarri ematen die hilero janariz betetako saskia. "Kezkatuta gaude azken hilabetean mila lagun gehiago hurbildu zaizkigulako janari eske", jakinarazi du Marisol Villar Nafarroako Elikagaien Bankuko presidenteak. Produktuen prezioaren igoerak eraginda gero eta familia gehiago daude hilabete amaierara ezin iritsi eta oinarrizko otorduak egiteko zailtasunak dituztela adierazi du. Urtean 4.026 tona janari banatzen dute; ia erdia, 2.572 tona zaborretara botatzear zirenetatik berreskuratu dituzte. "Saltoki handi askok zenbait, produkturekin izandako arazoak tarteko, salgarriak ez diren baina osasungarriak izaten segitzen duten elikagaiak bota ordez Iruñerriko Mankomunitateak uzten dizkigun kamioneten bitartez jaso eta gure biltegietara ekartzen ditugu. Bertan garbitu, klasifikatu eta prest jartzen ditugu saskietan sartzeko", azaldu du Villarrek. 

Kontzientzia sortu nahi du Elikagaien Bankuak zaborretara botatzen den janari kantitateari dagokionez.  Horretarako, ikasleekin zenbait solasaldi eta bisita antolatzen dituzte euren biltegiak ikusi ditzaten. "Etxeetan ere janaria xahutu aurretik pentsatu behar da zenbat jenderi etor lekiokeen ongi hori jan ahal izatea", ohartarazi du. Nafarroako Ingurumen Departamentuko zuzendari Ana Bretañak esan du, etxean bizilagunek %6 gutxiago bota dutela zaborretara: "Bide onetik goaz, baina gehiago ere egin daitekeela badakigu", ondorioztatu du. Izan ere, 36. 525 tona janari bota zituzten herritarrek zaborretara. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!