Egiari Zor eta Nafarroako Torturatuen Sareak jakinarazi dutenez, funtzionario publikoek eta eskuin muturreko taldeek eragindako biktimen aitortza eta erreparazio batzordeak irailaren 20an jaso zituen Angel Berruetaren hilketaren inguruko lekukotzak, horien artean Berrueta Mañas familiako kideenak.
Egiari Zor elkarteak eta Nafarroako Torturatuen Sareak gogora ekarri dute Berruetaren senideek hilketaz gain poliziaren oldarraldiak pairatu zituztela tanatorioan, baita, hainbat urtez, telefono bidez egindako heriotza mehatxuak ere.
Martxoaren 13an 20 urte beteko dira zerbitzuz kanpo zegoen Espainiako polizia nazional batek eta bere semeak Angel Berrueta Iruñeko Donibane auzoko okina hil zutenetik, M11ko atentatuak ETArekin lotzen zituen kartela paratzeari uko egiteagatik.
Egiari Zor elkartearen eta Nafarroako Torturatuen Sarearen aburuz, “bada garaia” Berrueta behingoz biktima moduan aitortzeko. Egiten badute, senideek ETAren biktimek jasotzen duten kalte-ordainaren parekoa eskuratuko dute, besteak beste.
35 salaketa jaso dituzte
Funtzionario publikoek eta eskuin muturreko taldeek eragindako biktimen aitortza eta erreparazio batzordeak 35 salaketa jaso ditu orain arte, eta dagoeneko 15 txosten ikertzeari ekin dio. Aditu taldea lanera itzuli da udako oporren ondotik, eta lehen ebazpenak datozen hilabeteotan irits daitezke.
Estatuaren eta Eskuin Muturraren Biktimen Foru Legea 2019an onartu zuen foru parlamentuak. Batzordea horren fruitua da, eta 1950 eta 2010 urteen artean Nafarroan izandako edo herritar nafarrek pairaturiko giza eskubideen urraketak identifikatzea du xede.