PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa, hezkuntza berezituari buruz hartutako erabakiaren alde

Bidane Beloki Ezker 2023ko ira. 25a, 12:57

UPNk eta PPNk seme-alabentzako hezkuntza aukeratzeko "familien askatasuna" defendatu dute.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak Irabia-Izagak jarritako helegitea ezeztatu du eta ikasleak sexuka banatzen dituzten ikastetxeak finantziazio publikotik at geratzea berretsi du. PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak erabakia txalotu dute; UPNk eta PPk berriz, erabakia gaitzetsi dute "familien askatasuna" defendatuta.

 Angel Ansa UPNko parlamentariak sententziarekiko "errespetua" nabarmendu duen arren, aitortu du ez datozela bat "LOMLOEren espirituarekin". "Familiek bere seme-alabentzako hezkuntza-eredua aukeratzeko duten askatasuna defendatzen dugu", gaineratu du. Javier Garcia PPko bozeramaileak bide beretik erantzun dio Auzitegi Nagusiaren erabakiari, "errespetua" agertu dio, baina kontrako jarrera adierazi du. "Konstituzioan jasotako askatasun printzipioaren aurka doan lege sektario bat kritikatzen jarraitzen dugulako, gurasoek nahi dugun hezkuntza aukeratzeko duten askatasunaren aurka", azaldu du.

Erabakia positiboki baloratu dutenen artean, Ramon Alzorriz sozialista "pozik" agertu da "gure erkidegoan berdintasunerako albiste bikaina delako". PSNk azaldu duenez, "jazarpen eta sektarismoaren inguruan eskuindarrek egindako salaketen aurrean, Nafarroako Gobernuak legezkotasunaren eta zorroztasun juridikoaren printzipioen arabera jokatu duela berresten da". "Gobernuak arrazoia zuela egiaztatu du auzitegiak, eta erabakiak segurtasun juridikoarekin hartu dira", gaineratu du.

Laura Aznal EH Bilduko ordezkariaren iritziz, "ez da inola ere diru publikoarekin finantzatu behar ikastetxeetako ikasleen bereizketa, hori ez baita hezkidetza", eta "Nafarroako Gobernuari dagokio betetzea". Geroa Baiko Pablo Azconak Auzitegi Nagusiaren epaia "Gobernuak erabakitakoaren ildotik" doala aitortu du. Azkenik, Zurekin Nafarroako bozeramailea Daniel Lopez sexuaren arabera bereizten diren ikastetxeei itunak kentzearen alde agertu da, eta, beraz, "ospatu" egin du Auzitegi Nagusiak hartutako erabakia.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!