Ikasleak sexuka banatzen dituzten ikastetxeak finantziazio publikorik gabe uzteko erabakia berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak

Haritz Pascual Garjon 2023ko ira. 25a, 11:38

Irabia-Izagak jarritako helegitea ezeztatu du, epaitegi konstituzionalak itunpeko ikastetxeen baldintzei buruzko azken ebazpenari helduta.

Nafarroako itunpeko ikastetxeek ikasgela mixtoak izan beharko dituzte baldin eta finantziazio publikoa jasotzen jarraitu nahi badute. Horrela agindu zuen 2022.urtean Nafarroako Gobernuak, LOMLOE estatuko hezkuntza legea eskutan, eta hala berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak.

Foru erkidegoan lau dira egun beren ikasleak sexuka banatzen dituzten ikastetxeak. mutilak soilik onartzen dituzten Irabia eta El Redin; eta neskendako soilik diren Miravalles eta Izaga. Lauak Opus Deirekin lotutako ikastetxeak dira.

LOMLOEren ezarpen hau ezagutu zenetik, bi bide hartu zituzten ikastetxe hauetan. Gobernuarekin ituna berehala ez galtzeko, ikasgela mixtoak gradualki ezartzen hasi ziren, beheko kurtsoetatik hasita. Halaber, haien eredu segregatzaileari eusteko, bide judiziala ireki zuten, arauaren kontrako helegiteak estatuko eta Nafarroako auzitegietan jarriz.

Azken hilabeteotan ezagutu diren ebazpenek atzera bota dituzte ikastetxe erlijiosoen asmoak eta LOMLOE legeak dioena berretsi. Ikasleak sexuka banatzen dituzten ikastetxeek ezingo dute finantziazio publikorik jaso, beraz itunetik aterako dira.

Irabia ikastetxeak helegitea jarri ziuen, dagoeneko matrikulatuta eta eskola ibilbidea abiatuta zuten ikasleei eragiten ziela argudiatuz, legearen atzeraezintasuna aldarrikatuz. Epaitegiak erantzun dio, gobernu eta ikastetxeen arteko itunak eta akordioak berrikusi daitezkeela, eta itunak bertan behera utzi, baldin eta legeak esaten duena ez bada betetzen. Hartara, 2026-2027 Ikasturterako ikasgela mixtoak izan beharko dituzte haien ikastetxeetako maila guztietan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!