Nafarroako Genero Berdintasunaren Indizea 100etik 74,6 da

Euskalerria Irratia 2023ko ira. 21a, 13:08

Aurreko neurketarekin alderatuta, 4,7 puntu hobetu da datua. Nafarroan berdintasunerako joera "sendoa baina motela da" eta erabateko berdintasuna 33 urte barru lortuko litzateke.

Nafarroako Genero Berdintasunaren Indizea (GBI) 100etik 74,6 puntukoa izan da 2020an, Nafarroako Estatistika Institutuak (Nastat) landutako datuen arabera. 2017. urteko aurreko neurketarekin alderatuta, 4,7 puntu hobetu da. 2010 eta 2020 urteen artean, zazpi neurketa egin dira, eta Nafarroako GBIren balioak pixkanaka gora egin duela erakutsi dute, 2010ean 66,9 puntu izatetik 2020an 74,6 izatera igaro baita.

Genero Berdintasunaren Indizeak balio bakar batean laburbiltzen du gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari buruzko 31 adierazletan jasotako informazioa. Indize horretan, puntuazioa bat eta ehun balioen artean neurtzen da, eta, baliorik altuena berdintasun handienarekin identifikatzen da jasotzen diren errealitate politiko, ekonomiko eta sozialaren dimentsio guztietan.

Nafarroako GBI sailkapenaren goiko erdian dago 2020an, Espainiaren puntuazio berarekin (74,6 puntu). Sailkapen orokorrean Suediak du puntuaziorik onena, 83,9 puntu; eta Greziak txarrena, 53,4 punturekin.
Dimentsio eta azpidimentsioetan neurtzen dute berdintasuna.
Dimentsioen artean, esaterako, osasunaren alorrean 88,2 puntu dira, diru alorrean 77,9 puntu; eta, indize txikiagoa, berriz, enpleguarekin (72,7 puntu) eta ezagutzarekin (68,6 puntu) lotutako dimentsioetan.
 

Erabateko berdintasuna 33 urte barru lortuko litzateke 

Nafarroan berdintasunerako joera "sendoa baina motela da", dio Nafarroako Estatistika Institutuak. Behaketa gehienek aurrekoen emaitzak hobetzen dituzte, eta hamaika urtean 7,7 puntuko hobekuntza metatua gertatu da. "Hobetzeko abiadura hori estrapolatuz lortzen da erabateko berdintasuna 33 urte barru lortuko litzatekeela", nabarmendu du erakundeak. "Berdintasunera daramaten aldaketen moteltasuna ez da Nafarroako gizartearen pribatiboa; Nafarroan erritmoa Europan baino azkarragoa da, baina Espainian baino motelagoa", nabarmendu dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!