Memoria eta Bizikidetza arloak Rozalejon izanen du egoitza

Euskalerria Irratia 2023ko ira. 15a, 07:44

Ana Ollo kontseilaria izan da parlamentuan alboan zituela departamentuko hiru zuzendari nagusiak.

Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilaria da Ana Ollo. Lau urteotako lan ildoak aurkezterakoan esan du akordioak eta adostasunak bilatzea izanen dira bidea: "Pertsonen eskubideak bultzatu, memoria, elkarbizitza eta eleaniztasuna lantzen segitu nahi dugu".

"Herritarren borondateari erantzunen diegu", hala nabarmendu du  Ana Ollo kontseilariak. Alegia, aniztasunaren alde ariko direla, politika aurrerakoien aplikazioan, elkarrizketaren bideei eutsiz eta guztiekiko errespetu. 2015ean abiatutako aldaketaren bidearen norantzan segituko dutela esan du eta bi ardatz nagusi azpimarratu: lehena, ongizatearen mugarriak blindatu eta bigarrena, aniztasun identitario zein linguistikoa errespetatu.

Akordioak eta adostasuna izanen dira bidea: "Bertsonen eskubideak bultzatu, memoria, elkarbizitza eta eleaniztasuna lantzen segitu". Arloka, dituzten erronkak azpimarratu ditu:

Memoria eta Elkarbizitza alorrean: legeekin segitu, desobiratzeekin eta identifikazioekin. Sinbologia faxista identifikatu eta eremu publikotik kendu. Ezkaba mendian dagoen gotorlekua memoria leku bilakatzeko lan egin. Ezein indarkeriagatik biktima direnei aitortza eta erreparazioa ematen segitu. Eta hori guztia, egoitza berri batetik eginda: Maravillas gaztetxea izandako Rozalejo jauregitik.

Europara begira ere Euroeskualdearekin segitu eta baita Pirinioetan lanketa egiten ere. Mugen irekiera ahalbideratu eta atzerrian bizi diren nafarren legearen garapenarekin segitu.

Euskarari dagokionez eta Euskarabidearen bidez, euskararen normalizaziorako bidearekin segitu; euskarari dagokion balio soziala aitortu; eleaniztasuna den gizarte batean gehiago egin euskarak aurrera egiteko eta 2019ko akordioa baino ausartago jokatu.

Ollo kontseilariak iragarri duena da, datozen hilabeteetan prest izanen dela Administrazioa sarbidea izateko merituen Foru Dekretua. Euskararen ezagutza, behintzat, aintzat hartu ahal izanen da konkurtso-oposizioetan kasu gehienetan, %90ean, gehienak, Osasunbideari dagozkio.

Oposizioa betiko mamuak hauspotzen

PPk eta UPNk eskatuta izan da Ollo parlamentuan azalpenak ematen, nahiz eta berak ere bere borondatez agertzea eskatua zuen. Hala, PPko Javier Garciak betiko leloari eutsi dio eta betiko mamuak hauspotu: "Euskaldunen eskubideez mintzatzen zarete, ez ditzazue ahaztu guztiok batzen gaituen hitzkuntzaren, gaztelaniaren, eskubideez", esan dio. 

UPNKo Iñaki Iriarte Euskarabideko zuzendariari aholkuak ematera ausartu da: "Plantea ezazue Euskararen Plan Estrategiko zentzuzkoa, euskara ikasi nahi ez dutenak kalte ez ditzala, euskaldunei bideak ireki diezazkiela euskaraz libertatez aritzeko baina eman ez diezaiogula lehentasunik administrazioan sartzeko edota diru laguntzak eskuratzeko. Demanda neurtzerakoan ez diezagun jokatu tranpa eginez. Aholku sinple horiei jarraituz gero hobe izanen da euskararentzat eta ororentzat ere".   

Alderdi sozialistak eskatu die biei, diskurtsoetatik haratago, aldaketak egiteko memorian, Europara begira zein hizkuntza politikan egin ditzatela proposamenak.

EH Bildurentzat Gobernuari ahaztu egiten zaio euskara. Webgunera jo eta bertan dokumentuak begiratzea baino ez dagoela esan du Eneka Maizek: "Era sistematikoan ahazten duzue euskara. Euskara berriz ere liskarrarekin lotzen da, euskara arazo dela zabaldu nahi izan da. Hainbat alderdik bultzatu dute hori eta akordioari ere kutsu hori dario. Diskriminazioa ez da sentimentu bat, errealitate frogagarria da eta euskara Nafarroan baztertua dago". 

Inposizioa ikusten dutenek euskararen bultzadan, ez dituzte inoiz adibiderik ematen. Geroa Baiko parlamentari da Mikel Asiain: "Esaidazu eta jarri iezadazu adibide bat, non, Nafarroan euskaraz hitz egitera edo ikastera behartu zaion".  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!