Irulegiko arbasoek etxean errotarria zuten eta olioa zein ardoa inportatu egiten zituzten

Euskalerria Irratia 2023ko ira. 15a, 07:31

Altxor gehiagoren aurkikuntzen berri eman du Aranzadi Zientzi Elkarteko lantaldeak Irulegiko eskua aurkitu zuten tokian berean. Hiru hilabeteren ondoren amaitutzat eman dute kanpaina arkeologikoa. Luzeena izan da. Asteburuan dena estalita utzi eta heldu den uda arte izanen da geldirik.

Mugarria izan zen Eskuaren aurkikuntza, eta eremu hori industen segitu dute duela 2.000 urteko baskoien gizartea hobeki ezagutzeko. Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologo talde bat aritu da horretan beste ia 100 boluntariorekin batera. Han Burdin Aroan zegoen herrixkak erasoa jasan zuela jakin dute, herria bere osotasunean. Eta erasotu zutela ere argi geratu da erabilitako armak topatu dituztelako. Etxebizitza bat ere zabaldu dute osorik. Ezaugarri nagusia: harrizko eskailera batzuk. "Kale nagusitik etxeraino iristen diren zazpi mailako eskailera bat aurkitu dugu. Kontserbazio egoera onean dago gainera", pozik azaldu ditu topatutakoak Mikel Ayestaranek, Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak. "Orain arte ez zen Pirinioan mendebaldeko inongoi herrixketan horrelako egiturarik atzeman eta harrigarria egin zaigu zazpi mailako eskailera horiek gaur egun arte nola mantendu ahal izan den eta hain ongi gainera", azaldu du. Bestelakoak ere aurkitu dituzte: milaka zeramika zati, fauna-hezurrak, etxeko tresnak.

Ardo inportazioak Italiatik

Informazioa ere ematen diete halako aurkikuntzek: oraingoan jakin ahal izan dutena da nekazari eta abeltzainak zirela garai hartako baskoiak eta ahalmen ekonomikoa ere bazutela: Olioa eta ardoa kanpotik ekartzen zituzten eta etxe bakoitzak bere errotarria zuen. 

Irulegik pasa den udan 2.000 bisitari baino gehiago izan zituen. Arkeologoek gidatuta hainbat bisita antolatu ditu Aranzadik jendeak herrixka eta arkeologoen lana hobeki ezagutzeko. Heldu den udan bueltatuko dira indusketa lan gehiago egitera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!