Gizartean, justizian eta legean izandako aldaketa nabarmendu du Mugimendu Feministak

Euskalerria Irratia 2023ko ira. 14a, 09:04

2016ko sanferminetan izandako talde bortxaketako erasotzaile bati zigorra jaistearen albistearekin lotuta hitz egin du Iratxe Alvarezek Euskalerria Irratian. "Ez genuke ahaztu behar kasu horrek ekarri dituen aldaketa guztiak". 

2016ko sanferminetan talde bortxaketa jasan zuen emakumearen abokatuak dagoeneko errekurtsoa aurkeztuko dutela iragarri du. Modu berean, Nafarroako Gobernuak ere kasazio errekurtso bat jarriko du lehen instantzia batean, eta aurrera egiterik ez balu, Auzitegi Gorenera jotzeko aukera ere badela adierazi du. Nabarmendu du Begoña Alfaro lehendakariordeak biktimarekin akordatzen direla halako egunetan: "Mingarria da biktima behin eta berriz ari delako sufritzen. Indarkeria Matxistan aditua den Esther Erize magistratuaren boto partikularrarekin bat egiten dugu". Iruñeko Udalak akusazio moduan parte hartu zuen epaiketan. Cristina Ibarrola alkateak esan du helegitea aurkezteko aukera aztertuko dutela.

Mugimendu Feministak begirada zigorretik harago jarri du

Testuinguru horretan Mugimendu Feministaren ahotsa ere entzun da Euskalerria Irratian. Iratxe Alvarezek dio, zigorretatik haratago begiratu behar dela, ahaztu gabe, kasu konkretu honek zer nolako ibilbidea egin duen eta zer nolako aldaketak eragin dituen: "gizartean, justizian eta legean aurrerapausoak eman dira". 

Asko dira indarkeria matxistak gurean eta guretik haratago ere uzten dituen biktimak. Izan ipurdi ukituak, baimendu gabeko muxuak edo begirada higuingarriak. Horiek ikusten direnak, entzuten direnak. Ahaztu gabe, gertukoengandik jasaten direnak. Isilean geratzen direnak, ezkutuan eta identifikatzen zailagoak direnak. Azken hauek dira zailagoak eta mingarriagoak onartzen, eta horietan bai, kontzientzia gehiago landu behar dela adierazi du Alvarezek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!