'Arnasetik' bideosormen lehiaketaren bigarren edizioa antolatu du Euskarabideak

Euskalerria Irratia 2023ko ira. 13a, 10:49

2022ko sari banaketa Villabonan.

10 eta 16 urte bitarteko gazteek hainbat istorio kontatu beharko dituzte sormenaz eta hizkuntza-ohiturei buruz gogoeta eginez. Parte hartzeko epea urriaren 1etik 24ra bitarte izango da. 

Arnasa Gara ekimenak, Euskarabideak, UEMA - Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta Eusko Jaurlaritzak elkarrekin sustatutako egitasmoa da. Arnasetik bideosormen lehiaketak euskararen arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta haien egitekoa euskarari lotutako istorioak kontatzea izango da. Lehiakideen sormena pizteaz gain, lehiaketaren helburua arnasguneetako gazteen hizkuntza ohituren inguruan gogoeta eragitea ere bada, Euskarabideak jakinarazi duenez.

Arnasetik lehiaketa, zehazki, euskararen arnasguneetako ikastetxeetako ikasle zein arnasguneetako ikasleak jasotzen dituzten ikastetxeetako ikasleei zuzenduta dago. Lehiaketan parte hartuko duten gazteek lanak banaka edo taldeka, lagunartean edo ikaskideekin batera, garatu ahal izango dituzte, nahieran. Bideosormenak urriaren 1etik 24ra aurkez daitezke. Azaroaren 22an izango da lehiaketaren sari banaketa ekitaldia, Zarauzko Modelo aretoan. 

Adinaren araberako kategoriak

Adinaren arabera hiru kategoria zehaztu dira, kategoria bakoitzean aurkeztu beharreko lanak ezberdinak izanik. LHko 5. eta 6. mailako ikasleek beraien herriak nolakoak diren azaldu beharko dute, bertan zer egin daitekeen eta, garrantzitsuena, euskara maila hobetzeko zergatik diren egokiak azalduz. Promozio-bideo baten bitartez edo formatu librean (marrazki, olerki, bertso, bideo, abesti…) aurkeztu ahal izango dira kategoria honetako lanak. 

DBHko 1. eta 2. mailako ikasleei dagokienez beraien herrietako esamolde berezienak eta beraien esanahia azaldu beharko dute umorezko bideo baten bitartez. Arnasguneetan entzun daitezkeen euskalkiak balioan jartzeko ariketa diseinatu du Euskarabideak.

Azkenik, DBHko 3 eta 4. mailako ikasleek modu sortzailean bideo bat eratu beharko dute, euskal kultura, musika eta ekimenak balioan jarriz.

Kategoria bakoitzerako bideo ereduak zein lehiaketaren oinarri guztiak www.arnasagara.eus webgunean daude ikusgai. Sariei dagokienez, kategoria bakoitzak 500 euroko balioa duen sari bat izango du, eta publikoaren saria ere banatuko da, guztira 2.000 euro banatuz. 500 euroko balioa duen sari bakoitza Irrisarri Land-en, Durangoko Azokako denda birtualean edo EITB-ko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean trukatu ahal izango da. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!