Elkarri Laguntza elkarteak kalean bizi direnei "duintasuna" emateko eskatuko du Udalean

Euskalerria Irratia 2023ko ira. 11a, 08:08

Bihar Iruñeko Udalean izanen den Herritarren Gaietarako  batzordean Elkarri Laguntza elkarteak egoeraren berri emanen die zinegotziei: gazte andana bizi da kalean, zubi azpian edo etxabe zikinetan. 

Elkarri Laguntza izeneko elkarteak ohartarazi du: gutxienez 50 magrebtar abandonatuta daudela, aterpetxeetara edo beste edozein baliabidetara sarbiderik izan gabe. 18 eta 27 urte arteko gazteak dira gehienak, magrebtar jatorrikoak, paperik ez dute eta erroldatzeko aukerarik gabe uzten zaie. Lau, bost eta zazpi urte pasatzen dira batzuetan erroldatzen dituzten arte, eta ordura arte oinarrizko errenta ere ez zaie ziurtatzen.

Elkarri Laguntza elkartearen ustez, amaiezinak diren tramite burokratiko horiei irtenbide eman behar zaie eta herritar horiei egoera duin bat eskaini: Nafarroako Gobernuari egina dio eskaera, legea bete dezala eta eskaini diezaiela gaua pasatzeko leku duina, eguna pasatzeko lekua eta mantenua.

Bi lekutatik aterarazi dituzte

Azken hilabeteetan bi lekutatik aterarazi dituzte etorkinak: Aranzadiko Agustinaseko komentutik, eta, tren geltokitik hurbil zegoen pabiloi batetik. Aterpetxean hartu zituzten bai, baina, hiru gau baino ez dizkiete uzten. Gero handik aterarazten dituzte nahiz lekua baden. Hala salatu du Elkarri Laguntza elkateak.

Nafarroako Gobernuak badu nahikoa baliabide egoera bideratzeko, elkarte horren ustez: eskola, konbentu eta erabilerarik gabe dauden hainbat eraikin daude, hobekuntza batzuekin, pertsona horiei eskaintzen ahalko litzaiekeenak.

Arartekoak ebatzi zuen, gauean ostatu izatea, egunez harrera leku bat izatea eta manutentzioa ziurtatutako prestazioak behar dutela izan, hala jasotzen duelako Eskubide Sozialen Sailak. Hori betetzea eskatzen ari da Elkarri Laguntza elkartea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!