Lekunberrik Antzinako Merkatuaren 27. edizioa hartuko du igande honetan, abuztuak 6, eta bertan musika izango da egitarauko ekitaldi ezberdinen ardatz nagusia: antzinako musika, herriko herri folkloreko musika tradizionala, dantzak, konpartsa eta bestelako eskaintza zabala.
Ohikoa den bezala, gai zehatz batek ardazten du urte bakoitzeko ospakizuna, "beti ere Lekunberriko eta Larraungo bailarako historia, kultura eta tradizioarekin bat eginez". Horrela, Lekunberriko kaleetan eskulangintza postuak, musika ibiltaria, animaliak eta lanabes tradizionalak, erraldoien konpartsa, trikitilariak, dantzariak eta kontzertuak izango dira, 10:00etatik 20:00etara bitartean.
Musika eta dantza tradizionalak
Plazaola Partzuergo Turistikotik jakinarazi dutenez, Larraun ibarrak eta Lekunberrik, baita Plazaola-Mendialdea inguruak ere, "bizirik mantentzen dituzte beren folklorearen adierazpen asko, musika, kantua eta dantza izanik euren adierazpen ezagunenetako batzuk". Horren erakusgarri dira Aralar Musika Eskola eta Lekunberri-Larraun eta Leitzako erraldoien konpartsak. Hori dela eta, egun osoan zehar musika izango da entzungai.
Lehenengo ordutik, merkatu tradizionaletako musika ibiltaria izango da protagonista ibilbide osoan zehar, eta eguerdi aldera Aralarko Musika Eskolako eta Lekunberri-Larraungo erraldoi eta buruhandien konpartsako kideak batuko dira. Txistuak, trikitixak, dultzainak, atabalak edo danbolinak dira kaleak girotuko dituzten tresna tradizionaletako batzuk. Desfilea eta banderaren dantza egingo dute 12:00etan esaterako.
Antzinako musika eta herri-dantzak
Antzinako musikak leku "pribilegiatua" izango du egitarauan, 'Danserie Ensemble' talde iruindarraren eskutik. Lekunberriko San Joan Bataiatzailearen elizan izango da "kaleko musika tradizio herrikoia eta Nafarroa iparraldeko eta Iparraldeko musika" jasoa "biltzen dituen emanaldia.
Hori guztia flauta, salterioa edo ttun-ttuna bezalako instrumentuekin, eta kasu askotan XVII. mendea baino lehenagoko piezen interpretazio batekin, talde honetako kideek aztertu dituztenak. 13:00etan izango da, Lekunberriko elizan.
Arratsaldean, 17:30ean, udaletxearen ondoan musika eta dantza herrikoien txanda izango da Ortzadar Euskal Folklore Elkartearekin. Plaza dantza formatuko emanaldia, "bertaratzen den jendeari gure folkloreko dantza ezagunez gozatzeko gonbita egiten diona". Jardunaldiaren amaierak ere "kutsu musikal nabarmena" izango du, kasu honetan, 20:00etan musika eta sua nahasten dituen ikuskizun batekin.
Egunean zehar, tokiko produktuen azoka
Egun osoan zehar, bisitariek Plazaola-Mendialdea inguruan eta Nafarroa osoan egindako produktuen eskaintzaz gozatu ahal izango da. Guztira, 65 postu baino gehiago eskainiko ditu Napar Bideak, Nafarroako Elikagai Artisauak eta Plazaola Partzuergo Turistikoa elkarteekin lotutako artisauek beren tailerretan edo baserrian eta ustiategietan egindako lanak, zuraren, zeramikaren, urregintzaren, ehungintzaren, larruaren eta abarren artisautzarekin bat eginez.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.
Bazkidetu zaitez!