2022an, Euskaltzaindiak euskaltzain oso izendatu zuen Castillo Suárez idazle eta Euskalerria Irratiko kolaboratzailea. Orain, bertako hizkuntzaren akademiaren barne-arauek agintzen dutenari jarraikiz, sarrera-hitzaldia egitea dagokio euskaltzain berriari. Larunbat honetan, uztailaren 1ean izanen da ekitaldia, Altsasuko Iortia kulturgunean. Euskaltzaindiak Osoko bilkura eginen du 10etan Altsasuko udaletxean, eta 12etan, Altsasuko txistulariek agintarien segizioari lagunduta, Iortiaraino iritsiko dira ekitaldi instituzionalari hasiera emateko. Altsasuko alkateak ongietorria eginen die bertaratutakoei, Andres Urrutia euskaltzainburuarekin batera eta, ekitaldian zehar, Sahatsa eta Pi hirukoteak lagunduko ditu hitzaldiak.
Ondoren, Castillo Suárezek sarrera-hitzaldia irakurriko du eta bere bizitzan eragina izan duten poema liburuen berri emanen du. Landareen bidez harilkatuko ditu guztiak, Maitasunaren botanika izeneko antologia osatuz. Miren Agur Meabe euskaltzain osoak erantzunen dio Zazpi gutun maitasunaren botanikari izeneko hitzaldiarekin. Azkenik, euskaltzain berriak karguaren zina eginen du, eta euskaltzain osoaren domina, diploma eta ikurra jasoko ditu euskaltzainburuaren eskutik. Ekitaldiaren amaieran Altsasuko zortzikoa dantzatuko dute dantzari eta herritarrek.
Maitasunaren Botanika
Bere bizitzan eragina izan duten poema liburuekin zein bere gogoeta, kontraesan eta olerkiekin 15 belarkiz osatutako hitzaldia emanen du Castillo Suarezek.