Kontrolik gabeko ostatuen aurkako kanpaina abiatu du Nafarroako Gobernuak

Euskalerria Irratia 2023ko eka. 12a, 18:13

Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzeko betebeharra eta inskribatuta egotearen onurak azpimarratzen dira kanpainan; legedia ez betetzeak 9.000 eurorainoko isuna ekar dezake.

Nafarroako Gobernuko Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak  turismo-ostatuen klandestinitateari buruzko kontzientzia sortzeko publizitate instituzionaleko kanpaina bat jarri du abian. 'Ez ikaratu!!' lelopean Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzeko betebeharra eta izena ematearen onurak gogorarazi eta azpimarratu nahi ditu Foru Gobernuak.

Turismoregistro.navarra.es webgunean egiten da erregistroa eta doakoa da. Bestalde, izena emanda duten ostatuen titularrei eta ohiko negozio gisa jardun nahi duten etorkizuneko ostatuei ez ezik, baita noizean behin (asteburuetan, jaietan edo oporretan) alokatzen dutenei ere zuzenduta dago. "Turismo sozial eta ordenatu" baterako araudia betetzeko beharra nabarmendu dute eta ez egitearen legezko ondorioak zeintzuk diren jakinarazi dituzte. Izan ere, legedia betetzen ez bada 9.000 eurorainoko isuna eta lege-ondorioak jasan ditzake alokatzen duenak.

Kanpainaren helburua da ostatuen eskaintzan intrusismoaren aurka sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta borrokatzea, eta turismo-jarduera klandestinoa murriztea, sektoreari eta jarduera hori egiteko interesa duten herritarrei informazioa emanez: oinarrizko araudia, erregistroan inskribatzeko urratsak eta inskripzio-kodearen publizitatea egiteko eginkizuna azaltzen dira. 19/2020 Foru Legeak, abenduaren 16koak, Nafarroako Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Foru Legearen arabera, zerbitzu turistikoen titularrek inskripzio-kodea ikusgai jarri behar dute jardueraren inguruko publizitate, informazio eta deskribapen guztietan. 

Era berean, inskribatuta egotearen onurak azpimarratzeko helburua du kanpainak. Bezeroei konfiantza eta segurtasuna emateaz gain, konpromisoa eta erantzukizun soziala erakusten du; izapideak eta harreman eraginkorra errazten dituelako (dirulaguntzak, negozioaren sustapena eta marketin-ekintzak), eta informazio interesgarria jasotzeko baliagarria delako (gobernuaren prestakuntza-eskaintza, esaterako).

Sanferminetan ere bai

Ezkutuko alokairu jarduerak hazi egiten dira sanferminetan eta arreta berezia eskaintzen dio honi Nafarroako Gobernuak, "esperientzia turistiko ona izateko berme gisa". Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ikuskapen eta egiaztapen jarduerak egiten ditu eta askotan, "RTNn izena emateko eta oporretako alokairurako plataformetan publizitatea egiteko betebeharrak ez dira betetzen".

Era berean, "kode faltsu batekin edo Administrazio honek emandakoak simulatuz sartzen diren iragarki batzuk" detektatu dituztela adierazi du Foru Gobernuak. Jarduera klandestino mota hori "uda aurreko denboraldian areagotu egiten da", Iruñean, batez ere, San Fermin jaietan. Hartara, "betebeharra ez dela ezartzen soilik urte osoan irekita dagoen ostatuarentzat, baizik eta jarduera egiten duenarentzat edo egonaldi laburretan iragartzen denarentzat", gogorarazi du Turismo zuzendaritzak.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!