Sorionekuak ekimenaren deialdiak helburua bete zuen eta ohiko mobilizazio ekintzez harago kolorez eta euskaraz bete zituen Basotxo ingurua eta Iruñeko kaleak "euskara guztiona" dela aldarrikatzeko.
Manifestazioaren aurretik, adin guztientzako ekitaldiz betetako eguna izan zen: eskulan tailerrak, puzgarriak, erraldoien kalejira eta musika ordu oro. 16:30ak aldera, ehunka lagun bildu ziren Antoniutti plazan – asko eta asko Arrano elkartean plataformak antolatutako bazkaritik etorriak –, Igandea txarangak giroa girotzen zuela. 17:30ak aldera, manifestazioaren burua plazatik atera zen, hogei bat txikik Sorionekuak taldearen logoa zeraman olana bat zeramatela, Euskara nafar guztiona pankartaren atzetik.
Bertaratutako guztiak Bosquecillora iritsi zirenean, Tuterako Argia ikastolako zuzendari Saioa Crespok manifestu bat irakurri zuen, "euskara Nafarroakoa eta nafar guztiena" dela defendatuz. "Ez da museo batean gorde beharreko pieza bat, gure bizitzako funtsezko pieza baizik".
Honakoa gogorarazi zuen Crespok: “Euskara gure bizitza blaitzen duen ezinbesteko elementua da [...]. Euskara parkeetan eta kaleetan dagoelako, tabernetan, gure arteko solasaldietan, eskolan, kirolean, kulturan, aisialdian; finean, gure egunerokoan dago, gure bizitzan”.
10.000 pertsona batu ziren deialdira, antolatzaileen esanetan egun osoz, Iruñea festaren koloreez margotu zutelarik sorionekuek.