Euskararen alde esku hartzeko deia egin dute, eta erantzuna zabala izatea espero dute. Duela urte erdi hasi ziren biharko eguna prestatzen. “Hordago ekimeneko mobilizazioak ikusi genituen Erriberan, eta erabaki genuen guk ere urrats bat aurrera egitea, eta indar hori Nafarroa osora zabaltzea. Haizea alde jarri zitzaigun, orduantxe ezagutarazi baitzuten Irulegiko eskua, eta hortik hartu genuen izena”, azaldu du Sorionekuak ekimeneko Lorea Lizarretak Euskalerria Irratian.
Erriberatik datorren bultzada
Urtarrilean, kulturaren, kirolaren, hedabideen eta euskalgintzaren esparruetako 19 eragilek sinatu zuten Sorionekuak adierazpena. Mezu berria zekarren. Ordura arteko aldarrikapenei bizkarra eman gabe, indar adierazpen bat, jarrera baikor bat. “Urte aunitzetan euskararena alimaleko borroka bat izan da Nafarroan. Halako lehia batean bizi behar izan gara, euskaraz bizi nahi izateagatik. Eta bada garaia erresilientzia horiek guztiak gibelean utzi, eta erosotasun batean eta nahieran, euskaraz, bizi gaitezen. Eta baikortasun batekin, Nafarroan aunitz baikara. Denon artean posible izanen da”, azaldu du Lizarretak.
Sustengu zabala
Ordutik, hainbat sustengu adierazpen jaso dituzte. Euskalgintzan, Kontseilua, Topagunea, Behatokia, EHE, AEK eta IKA. Hezkuntzan, Sortzen eta Nafarroako Ikastolen Federazioa. Sindikalgintzan, ELA, LAB, Steilas eta ESK. Politikagintza instituzionalean, EH Bildu eta Geroa Bai. Gazte elkarteen artean, Gazte Euskaltzaleen Sarea, Ikama eta Ernai. Erakundeoz gain, hainbat pertsona ezagunek egin dute bat deialdiarekin. Haietako bat izan da Jagoba Arrasate, Osasunaren entrenatzailea.
MIla esker Jagoba!
— Sorionekuak (@sorionekuak) May 31, 2023
💥 Eta partida hori irabaziko dugu!
📌 Ekainak 10 de junio · Iruñea
🕠 17:30 · Antoniutti
Euskara nafar guztiona!#Sorionekuak pic.twitter.com/3KvEkfLpKC
Halaber, gizabanakoen atxikimenduak Nafarroa osotik iritsi zaizkie. Konparaziora, Leitzatik.
Leitzan ere...sorionekuak! pic.twitter.com/4kHVxJtdfg
— Leitzako Udala (@LeitzakoUdala) June 9, 2023
Egitarau oparoa
Egun osorako egitarau oparoa prestatu dute, kultura, aisialdia eta mobilizazioa uztartuz. Iruñeko Takonera parkean, Basoko karrikaren inguruan gauzatuko dira gehienak. 11:00etan hasiko dira lehen lehen jarduerak: txarangak, dantza ikuskizunak, haur eta gazteentzako tailerrak, erraldoiak eta Eskuhaladunak Eskultoreen elkarteko tailerrak, besteak beste. Bazkari herrikoia ere antolatua dute Arrano Elkartean, baina txartelak agortu dira.
17:30ean abiatuko den mobilizazioa izanen da eguneko ekitaldi nagusia. Antoniutti parketik abiatuko dira partehartzaileak, Gaztelugibelerantz, eta handik, Pio XII.aren etorbidetik, Basotxo kalean amaitu arte.