Navarrabiomedeko langileek osasun-ikerketa IdiSNAra aldatzea salatu eta kudeaketa publiko garbia eskatu dute

Euskalerria Irratia 2023ko eka. 8a, 17:30
Navarrabiomedeko langileak, prentsaurrekoan.

50 bat ikertzailek kritikatu dute Osasun Sailak proiektu publikoak IdiSNA zentro publiko-pribatuaren bidez kudeatu nahi dituela; "lanpostuak galtzea, egiturak bikoiztea eta gastu publikoa handitzea" suposatuko luke. 

Navarrabiomed-Miguel Servet Fundazioko 50 langilek baino gehiagok salatu dute ostegun honetan Nafarroako osasun-ikerketa IdiSNAra aldatu dutela, parte-hartze publiko-pribatuko erakundera, eta proiektu publikoak erakunde publiko argi batek kudeatzea eskatu dute. Enpresa batzordeko Ainhoa Ostizek salatu duenez aldaketak "lanpostuak galtzea, egiturak bikoiztea, gastu publikoa handitzea, eta horrela, osasun ikerketa publikoa izatea sahiestea" suposatuko luke.

Navarrabiomedek bizi duen egoera joan den maiatzean argitara atera zen, LABek egindako salaketa baten ondorioz. Bertan, sindikatuak egiaztatu zuen Navarrabiomedeko ikertzaileei presioak egin zizkietela proiektu eta saiakuntza klinikoen kudeaketa IdiSNAk (Nafarroako Osasun Ikerketa Institutuak) kudea zezan. IdiSNAk Opuseko zentroen (Nafarroako Unibertsitatea, CUN eta Cima) partaidetza pribatua du.

Beatriz Orduñak, Lupe Gutierrezek, Ainhoa Ostizek eta Sonia Aizpuruk, LABeko 9 ordezkarik osatutako enpresa-batzorde eratu berriaren izenean, azaldu dute Navarrabiomeden deskapitalizazio hori IdiSNAren alde egiteko aitzakia gisa erabiltzen dela zentro publiko-pribatu horrek Madrilgo Carlos III.a Osasun Institutuak ikerketa-institutuaren akreditazioa jaso dezan, bera baita Estatuko ikerketako erreferentziazko zentro publikoa eta erkidegoetako ikerketa-zentroak kreditatzeaz arduratzen dena. Egoera horrek finantzaketa-kopuru handia dakar berekin.

Hala, "IdiSNAk bere gain hartuko balu nazioko eta eskualdeko ikerketa-proiektu guztien kudeaketa, gaur egun MSFk kudeatzen dituen proiektuen % 50 IdiSNAra igaroko lirateke" jakinarazi du Navarrabiomedeko batzordeak. Beraz, 2023an MIguel Servent Fundazioa-Navarrabiomedetik egin diren 57 finantzazio publikoko eskaeretatik 32 IdiSNAk eskatu ditu. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!