Erriberriko Antzerki Jaialdia uztailaren 21etik abuztuaren 6ra, programazio inklusiboarekin

Euskalerria Irratia 2023ko eka. 8a, 16:47

Programazioa Tafalla, Beire eta, lehen aldiz, San Martin Unxera hedatuko da; 39 musika, dantza, zirku eta antzerki emanaldi eskainiko dira.

Erriberriko 24. Antzerki Jaialdiak, uztailaren 21etik abuztuaren 6ra, musika, dantza, zirku eta antzerki proposamenekin osatutako 22 ikuskizunen 39 emanaldi eskainiko ditu, artista gazteen, nafar konpainien eta Carmelo Gómez bezalako artista sendoen sorkuntzak uztartuko dituen programazio berdinzale eta inklusiboan.

Aurten, 22 ikuskizunetatik 13 emakumeek sortu, idatzi edo zuzendu dituzte; zortzi Nafarroako konpainienak dira, bi nazioartekoak, bat "inklusiboa" eta bat euskarazkoa. Programazioa Tafalla, Beire eta, aurten nobedade gisa, San Martin Unxera hedatuko da. Bestalde, zuzeneko ikuskizunez gain, Erriberrin bi sormen-egoitza, hiru prestakuntza-tailer eta hiru topaketa egingo dira artista, kazetariekin eta Nafarroako konpainiekin.

Rebeca Esnaola Nafarroako Gobernuko jarduneko Kultura eta Kirol kontseilariak prentsaurrekoan nabarmendu duenez, "kalitate handiko programazioa da, lengoaia eta formatu anitzekoa, eta proposamenak uztartzen ditu arte eszenikoen ikuspegi garaikidearekin, estatuan ospe handia duten antzezpenekin" eta "emakumeen eragin nabarmenarekin". Gainera, Ane Pikaza eta Maria Goiricelaya lehiaketako arte-zuzendariek, "iaz hasitako proiektua sendotu" egin dela nabarmendu dute. Jaialdia "hazten eta hedatzen jarraitzen du", eta, Esnaolak espero izan duenez, "askotariko adierazpenen eta jardueren elkarbizitzaren erreferente bilakatuko da".

Amatasunaren kontzeptua, maskulinitate desberdinak, ustelkeriaren arriskua, identitatea edo eskubide sozialen aldeko borroka joratuko dituzte ikuskizunek. Halaber, Pikazak eta Goiricelayak, antzerkiaren beharra azpimarratu dute, "nor garen, zein mundutan bizi garen eta zein gizarte eraikitzen dugun jakiteko" eta Erriberriko Jaialdia "orainaldi bizi honen eragile" izateko eta "bide hori komunitatean eragiteko, gozatzeko eta deskubritzeko nahia" partekatzeko. Eta apustu egin dute "kultura gure inguruan gertatzen denaren eztabaidaren erdigune bihurtzeko, egunero aurrez aurre jartzen gaituzten gai konprometitu eta deseroso horiek bultzatzeko eta publikoa astintzeko, harekin gozatzen ikustea bezala".

Era berean, "emakume sortzaileen, antzerkigileen eta, oro har, arte eszenikoetako emakumeen presentzia babesten jarraitzearen garrantzia" azpimarratu dute, "genero-berdintasuna sustatzeko eta arte eszenikoetan ikusarazteko". 

Kontsultatu hemen egitaraua osorik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!