'Txefi' Roco (LAB): "Langile arrazializatuak ugazaben txantaiaren biktima dira sarri"

Iosu Ganuza Garcia 2023ko eka. 7a, 08:44

Abertzaleen sindikatuak martxan jarri du Arrazakeriaren Aurkako Idazkaritza.

LAB sindikatuak Arrazakeriaren Aurkako Estrategia eta Idazkaritza aurkeztu ditu asteburuan. Idazkaritza Antirrazista sortu berriaren arduradun Josefina Txefi Roco izan da Euskalerria Irratian Iruñerrian Goizetik

Abertzaleen sindikatuak egitura berria sortzea erabaki zuen 2022ko ekainean, azken Biltzar Nagusian, sindikalismo berri baten aldeko apustuaren baitan. "Pertsonen administrazio-egoera, arraza edo erlijioa, besteak beste, egunero erabiltzen dira langile migratuen edota arrazializatuen eskubideak urratu, diskriminatu eta xantaia egiteko" azaldu du Rocok, gaineratuz, modu horretan "sistema kapitalista-kolonialak eta patriarkalak lehen, bigarren edo hirugarren mailako subjektuak" sortzen dituela, eta "desberdintasun horietatik etekinak" ateratzen dituela, "langileen artean lehia faltsuak sorrarazten dituelarik".

LABeko bozeramaileak pertsona guztiek eskubide eta aukera berberak izan beharko lituzketela defendatu du. Beraz, sindikatu gisa, "egoera horiek guztiak ondo irakurtzeko gai izatea eta langile migratuen edota arrazializatuen eskubideak eta antolaketa kolektiboa defendatzeko tresna baliagarriak sortzea" du helburu bulego berriarekin. Rocok nabarmendu du langile migranteek Euskal Herrian "ekarpen sozial eta politiko handia egiten" dutela eta hori "aitortu eta balioetsi" behar dela. 

LAB sindikatuak arrazakeriaren aurkako sindikalismoa jorratzeko plan estrategikoak garatuko du, lau dimentsio nagusi jorratuko dituztelarik "modu integralean":

1.- Kontzientzia sindikal antirrazista: Kontzientzia sindikal antirrazista garatzea da aurreiritzien, joeren eta arrazakeriaren presentzia identifikatzen zein eguneroko praktiketan halakoak desmuntatzeko lagungarri diren tresnak izateko lehen urratsa. Horrek LAB osatzen duten pertsona guzti-guztiak inplikatzen ditu. Aldi berean, subjektu politiko gisa migratutako eta arrazializatutako langileek LABen barruan elkartzeko, artikulatzeko eta aitortzeko lekua izan dezatela ahalbidetuko da, sare propioa sortu ahal izateko eta, hala, sektore, lurralde eta borroka guztietan ikusgarritasun eta bozeramailetza handiagoa izateko.

2.- Antirrazismoa sindikatu osoaren baitan: Antirrazismoak gai zehatzetan izan behar du isla: egituran, antolaketan, funtzionatzeko moduetan… Hala, hainbat gai berrikusi eta egokitu beharko dira langile migratuen eta arrazializatuen irisgarritasuna, presentzia eta parte-hartzea errazte aldera. Horretarako, gainera, prestakuntza politiko eta teknikorako prozesuak eta materialak sustatuko dira, antirrazismoa ezarri eta aurreiritziak, pribilegioak, beldurrak eta erosotasun-eremuak detektatu eta desmuntatzeko.

3.- Ekintza sozio-sindikal antirrazista: Ekintza sozio-sindikal antirrazista bultzatzea, langile horien baldintza eta errealitate zehatzetatik abiatuta, beraiek izango baitira protagonista, borroka eta antolaketa kolektiborako modu berriak birsortuz eta esploratuz.

4.- Eragin soziala eta politikoa: LABek ekarpen sozial eta politikoa egin nahi du guztiontzako eskubideak eta aukerak izango dituen Euskal Herria eraikitzeko. Ildo horretan, proposamenak egin eta neurri politikoak exijituko ditu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!