“Nafarroa jaia da. Erasotzaileak Stop” da Nafarroako Gobernuko Berdintasun sailak eraso sexistarik gabeko jaiak aldarrikatzeko aurkeztutako kanpainaren leloa. Spotean bertan, Aimar Oroz, Osasunako jokalaria, Kutxi Romero abeslaria eta Unai Laso pilotaria dira protagonistak. Eva Isturiz INAIko zuzendariak adierazi duenez, “garrantzi handikoa da beraien parte hartzea kanpainan, Nafarroako gizartean, kulturan eta kirolean aintzatetsitako pertsonak baitira eta gazte askok jarraitzen eta miresten dituztelako". "Kontzientziak mugitzen lagunduko du eta eredu eta erreferente izango dira", gehitu du Isturizek.
San Ferminetako eskalieratxoaren azken koskaren ospakizunarekin batera aurkeztu dute kanpaina eta sanferminetan ez ezik Nafarroako jai guztietan "mezu zuzen eta sendo bat" bidali nahi diete "zuzenean erasotzaileei", gogorarazteko "Nafarroa jaia dela, jarrera matxistek lekurik ez dutela eta erasotzaileak ez direla gure festan sartzen". "Uste dugu oso garrantzitsua dela gizonek aurrera pauso bat ematea eta emakumeak bortxatzen dituztenekin edozein adostasun haustea", azpimarratu du Isturizek.
Gizonen jarrera ez ezik, "emakumeek askatasunez gozatzeko duten eskubidea" erdigunera ekarri nahi izan du INAIko Emakumeen Herritartasun, Ahalduntze eta Partaidetzako zuzendariordeak. “Emakumeek eskubidea dute askatasunez eta osoki gozatzeko, jarrera inbaditzaileak, inguraketak, gorputzei buruzko iruzkinak, hurbilketa fisikoak eta nahi gabeko ukituak jasan behar izan gabe”, gaineratu du.