Euskalerria Irratiaren ezaugarri bereizgarria kolaboratzaileak dira. Berrehun inguru ditu. Zehazki, denboraldi honetan, 194. Jakintza alor, joera ideologiko, lanbide, adin askotarikoak dira. Lan ordainezina egiten dute, zentzu literalean zein figuratuan. Modu boluntarioan parte hartzen dute irratiaren programazioan.
Haiei esker dauka Euskalerria Irratiak Iruñerriko emisora guztien artean programaziorik zabalena. Haiei esker garatu ahal izan du hiriburu batean tokiko euskarazko hedabide independente, profesional, aldi berean komunitario eta batez ere eraginkor bat. Haiei eta 1.000 bazkideei, dozenaka iragarleei eta 8.000 entzuleei esker. Finean, komunitate ahaltsu eta eskuzabal bati esker.
Pandemiaren ondoko lehen kolaboratzaile afaria izan zen ostiralekoa. Berriro elkartzeko gogo berezia sumatu zen Katakrak liburu-dendako goiko aretoan. Han izan ziren hainbat ordezkari politiko: EH Bilduko Laura Aznal, Bel Pozueta, Joxe Abaurrea eta Garbiñe Bueno; Geroa Baiko Unai Hualde eta Maria Solana; Zurekin Nafarroako Eduardo Santos kontseilari ohia eta Eusko Alkartasunako Maiorga Ramirez.
Sindikalgintzak ere ordezkaritza zabala eduki zuen: konparaziora, han izan ziren ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntza, sindikatu bere komunikazio arduradun Ivan Gimenez, LABeko Nafarroako koordinatzaile Imanol Karrera eta sindikatu bereko komunikazio arduradun Asier Azpilikueta.
Euskalgintzako hainbat kide ere hurbildu ziren Iruñeko Kale Nagusiko liburu dendara: Sagrario Aleman euskaltzaina, Topaguneko Nafarroako koordinatzaile Oskar Zapata, EHEko Sugoi Etxarri, IKAko Joxerra Olano, Karrikiri elkarteko Juan Luis Etxaburu Ondarru eta Laba elkarteko Jon Bujanda.
Kultur munduko ordezkariak ez ziren gutxi izan. Han ziren Elhuyar Fundazioko zuzendari Jon Abril; Txalaparta argitaletxeko Ane Eslava, Igelako Lander Majuelo; Chill Mafiako Beñat Rodrigo Kiliki Frexko, Ibil Bediko Ibai Osinaga, Goxua’n Salsako Claudia Rodriguez, Broken Brotherseko Ion Celestino eta Amets Aznarez.