Geologo talde batek egindako txostenaren emaitzak argitaratu dituzte: Eskuineko hegalaren egonkortasun falta eta segurtasun bermerik ezak ez luke ziurtatuko Esako urtegiaren handitzea ez eta betetzea ere.
Zangozako Udalak eskatutako txostenaren emaitzak dira: ESAko urtegiaren handitzea arriskutsua izan daiteke. Hala jaso du. Segurtasun falta nabarmena dela diote Ingeotyc S.L enpresako geólogo Valentin Ibarra eta Tomas Moralesek: “Teknikoki gabeziak dituen obra da, fidagarria den informazio publikorik gabea, lan konplexukoa eta sekulako aurrekontua behar duena”.
Eskuin hegalean mugimenduek irauten duten bitartean “ez da egokia” ur kantitate handiagorekin urtegia betetzea, txostenak argitara eman duenez. Hortaz, ez da gomendagarria Esa urtegiko zonalde hori urez betetzea. “Kontuan hartuta geoteknikoki zein hidrogeologikoki bermerik ez dagoela eta eskuin hegalak mugitzen segitzen duela, segimendu egoki bat egiterako garaian egoeraren berri jasotzeko hutsune eta muga nabarmenak ere badaudenez ezin da etorkizunerako ziurtatu segurtasun bermerik izanen ote duen urtegiak. Alegia, egoera egonkorra balitz ere, non lur-mugimendurik ez litzatekeen egonen, ezinezkoa litzateke jakitea Esa handitzea edo guztiz betetzea segurua izanen zenik. Hala, kontuan hartuta “zonaldeak dituen aldaerak” ezinbestekoa da geologoen ustez segurtasun faktoreak galdegitea egun urtegiaren inguruan dagoen ezjakintasunari erantzuna emateko. “Segurtasunik gabe lan egiteak ekarriko luke egungo gizarteak ulertuko ez lukeen arrisku maila onartzea”, jaso dute txostenean.
Gomendioen artean, behaketa gehiago
Txostenak jasotzen duen beste atal bat gomendioena da: “Beharrezkoa da ezagutzea unean unean Esa urtegiko paretetan gertatzen dena. Horretarako auskultatzeko tresneria ezartzea ezinbestekoa da (inklinazioa neurtzeko sentsoreak, estentsometroak eta piezometroak). Horrek ahalbidetuko luke modu argigarriagoan eta zehatzean jakitea gertatzen diren mugimenduak zeintzuk diren eta non izaten diren”, azaldu dute.
Arriskuz betetako urtegia
Eskuin hegalak mugimenduan segitzen du eta aurrera begira aurreikusirik ez badaude ere indusketa lan gehiago, urtegia bera betetzeak eta husteak sortuko lukeen desegonkortasuna kaltegarria litzateke. Geologoen azken txosten honek agerian uzten duen bestea da, Ebroko Ur Konfederazioak ez ziola kasurik egin presak zituen iltzeen mugimenduei: “Hausturak eta mugimenduak orokortuak izan zirenean baino ez zuten aintzat hartu egoera hori”.
Txosten hau, berez, Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioak kaleratutakoaren irakurketa da. Haren zailtasuna kontuan hartuta, Zangozako Udalak txostena eskatu zion Ingeotyci eta hauxe da ondorioztatzen dena.