Inoiz baino giza baliabide eta bitarteko tekniko gehiago jarriko ditu dantzan Euskalerria Irratiak igandean, 20:00etatik aurrera, foru eta udal hauteskundeen inguruko saio berezian. Irrintzi dorreko estudioetan analisirako bi mahai izanen ditu, guztira sei analistak osaturik; alderdien egoitzetan, lau unitate mugikor; Nafarroako hainbat eskualdetan, berri emaileak; eta pantailan, etengabe gaurkoturiko datuak eta infografiak. FM98.3an entzun ahal izanen da eta euskalerriairratia.eus webgunean ikusi.
Iritzi auzolana
Saioa auzolan handi bat izanen da, irratiko hamaika langileen eta irratiaren hainbat kolaboratzaileren artean egindakoa. Xedea, Nafarroako emaitzen inguruko informazioa eskaintzea, eta hori egin ahala analisia gehitzea, iritzi collage askotariko baten bitartez. Analisirako lehen mahaia Nafarroako Soziologoen eta Politologoen dekano ohi Karlos Vilchesek eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zuzenbideren Historia irakasle Amaia Alvarezek osatuko dute. Bigarrena, Aingeru Epaltza idazleak, Edurne Egino medikuak eta Patxi Zabaleta abokatuak. Halaber, irratiko hainbat kolaboratzailek lagunduko dute analisian, saioan bideo dei bitartez parte hartuz. Besteak beste, haien iritzia emanen dute Berria egunkariko Joxerra Senarrek, Diario de Noticias berripapereko Miren Mindegiak eta Ibai Fernandezek eta Gara kazetako Martxelo Diazek, Angel Erro poetak eta Gaizka Aranguren kazetari eta enpresariak.
Bitarteko tekniko ugari
Juan Kruz Lakastak gidatuko du saioa. Alderdien egoitzetan irratiak lau unitate mugikor izanen ditu, eta Nafarroako hainbat eskualdetan saioan bideo dei bidez esku hartuko duten berriemaileak. Dagoeneko elkarrizketak loturik dauzkate Iruñerriko eta Nafarroako udalerri nagusietako hainbat hautagairekin. Bitarteko teknikoak ere ugariak izanen dira. Estudioan udazkenean instalaturiko Visual Radio (Irrati Ikusgarri)sistema erabiliko dute, lau kamera adimentsurekin, eta bideo streaming-ean etengabe gaurkoturiko datu eta infografiak pantailaratuko dituzte, Tokikom plataformarekin eta Codesyntax enpresarekin elkarlanean garaturiko sistemari esker.