Jai eta aldarrikapen eguna atzokoa, langileria kalera atera zen. Beste urte batez gurean banaturik egin zituzten deialdiak sindikatuek. Gobernuaren buru Maria Txibite eta beste zenbait bozeramaile sozialista kalera atera ziren UGT eta CCOO sindikatuek deituriko manifestazioan.
Euskal sindikatuen artean indar erakustaldia egin zuen LABek. Iruñeko Gaztelu plazan eginiko ekitaldian, abertzaleen sindikatuaren Nafarroako arduradun Imanol Karrerak nabarmendu zuen "erosteko ahalmena bermatuz hitzarmenak berritzeko ordua" dela, "1.400 euroko gutxieneko soldata eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzekoa, asteko lanaldia 30 ordura murrizteari buruzko eztabaidari ekitekoa”. Horiekin batera zerbitzu publikoak hobetu, etxebizitzarako eskubidea bermatu, zaintzarako erkidegoko sistema publiko baten alde egin eta bestelako zerga-politika bat ezartzeko deia luzatu zuen.
Osasungintzaren pribatizazioaren aurka egin zuen Karrerak Gobernua horren erantzule zuzen gisa kokatuz.
ELAk ere kalera aterarazi zituen langileak. Urtebetean lortutako garaipenen balantzea egin eta borroka erdigunean kokatzen jarraitzeko plaza izan zen atzokoa. Langileen baldintzak hobetzeko tresna bakar gisa aldarrikatu zuen atzo greba ekintza sindikatuak.
ESK, CGT, STEILAS eta CNTk elkarrekin egin zuten manifestazioa Iruñean, eta Kontseilu Sozialistak aldiz Euskal Herriko mobilizazio bateratua deitu zuen hiriburuan.
Hiriguneko hainbat kale zeharkatu ondoren, Arrotxapean amaitu zen martxa, eta bertan "egungo baldintzetara egokituko diren alderdi komunista handiak eraikitzeko beharra" aldarrikatu zuten.
Euskal Herriko beste toki batzuetatik Iruñera iristen ziren autobusei Guardia Zibilak egindako kontrolak salatu dituzte.