Emakumezkoen langabeziak gora egiten jarraitzen duela salatu dute ELA eta LAB sindikatuek. Biztanleria Aktiboaren Inkestaren datuek “gizonezkoen langabezia tasa emakumeen bizkar jaisten ari dela” iradokitzen dutela adierazi du ELAk. Nafarroan 8.300 landun gutxiago daude aurreko hiruhilekoarekin alderatuta eta duela urtebete baino okerragoa da egoera, 4.000 landun gutxiago daude eta; okupazioak batez ere behera egin du industrian.
Bestalde, kontratuen behin-behinekotasunari erreparatuta, mota horretako kontratuak murriztu dira azken hiruhilekoan (5.400 gutxiago), baina iraupen mugagabekoak ere gutxiago izan dira (4.200 gutxiago). Hala azaldu du ELA sindikatuak: “badirudi goia jo dutela kontratu mugagabeen eta behin-behineko kontratuen arteko korrelazio berria hobetzera bideratutako neurriek, eta industria sektoreak ahultzen jarraitzen du”. Aldi baterako kontratuen tasa zazpi hamarren murriztu da eta LABek adierazi duenez, “alde horretatik emakumeek prekaritate handiagoa pairatzen dute”, lau emakumetik ia batek (% 23) lanaldi partzialeko kontratua du eta gizonen artean, berriz, tasa % 5,1ekoa da.
“Oso datu negatiboak” direla ondorioztatu dute sindikatuek. Izan ere, langabeziak gora egin du eta okupazioak nabarmen egin du behera lehen hiruhilekoan; aurreko aldekoarekin alderatuta ere bai. Bestalde, “inflazioa eta soldatak KPIaren arabera ez eguneratzeak langile klasean krisia agerian uzten du”, azpimarratu du ELAk. Hori dela eta, “etorkizunean baldintza materialak hobetzeko borroka antolatzea eta mobilizatzea beste aukerarik ez dago”, adierazi dute. Sindikatuek maiatzaren lehenean kalera ateratzeko deia egin dute.