Aurtengo maiatzaren lehena, langilearen nazioarteko eguna, pandemiak, Ukrainako gerrak, inflazioak, Estatu Batuetako bankuen krisiak, pentsioen murrizketek edo lehorteek, zein beste hamaika faktorek eragindako krisiarekin heldu da. Hori dela eta, sindikatuak kalera aterako dira langileak babesteko eta bizitza duina bermatuko duten politikak eskatzera; Euskalerria Irratiak sindikatuek egingo dituzten agerraldien deialdiak, mobilizazioak eta aldarrikapenak bildu ditu.
ELA sindikatuaren manifestazioa 11:30etan abiatuko da Iruñeko Gazteluko Plazatik. Aldarrikapenetan langile antolakuntza eta mobilizazioa, “borrokan irabazteko” lelopean. “Pobretze fase batean iritsi da maiatzaren lehena”, azpimarratu du Imanol Pascual Nafarroako ELA sindikatuko arduradunak.
Bide beretik LABek beste mundu bat eraikitzeko nahian langileen antolakuntzari eginen dio erreferentzia. Sindikatu abertzaleak Iruñean eta Tutera egingo ditu manifestazioak eguerdian, 12:00etan, “beste mundu bat“ leloarekin. “Eraldaketaren alde gaudenok erlojuaren aurka ari gara eta politika suntsitzaileak azkar doaz. Horregatik ezinbestekoa da beste mundu bat eraikitzea eta horretarako aukera dugu eta behar dugu”, azaldu du Imanol Karrera Nafarroako LABeko arduradunak.
UGT eta CCOO elkarrekin aterako dira Iruñeko kaleetara goizeko 11:00etan haien egoitzen eraikinetik, “soldatak igo, prezioak jaitsi” aldarriarekin. “Oso garrantzitsua da politika sozial eta neurri sozial sakonak onartzea baina hori lotu behar dugu enpresei egindako eskakizunarekin: soldatak igotzea, prezioak jaistea eta enpresa handien mozkinak banatzea”, nabarmendu du Joseba Ezeolazak CCOO sindikatuko kideak.
Hezkuntzan ere aldarrikapenak egingo dituzte maiatzaren lehenean, azken hilabeteotako greba eta eskaerei eutsiz. Steilas eta beste hainbat sindikatu sektorial manifestaziora batzera dei egiten dute. Raul Lopez Nafarroako Steilaseko arduradunak aldarriak gogoratu ditu: “ratioen jaitsiera, lanpostuen egonkortasuna eta gainzama, eta erosahalmenaren galera”.
Bestalde, landa eremuko nekazari eta abeltzainak kalean izango dira ere bai. Prezioen igoera eta lehortearen ondorioz sektoreak bizi duen krisi bikoitzari aurre egiteko neurrien eske kalera aterako dira. Hala azaldu Patxiku Irisarri EHNE sindikatuko idazkariak: “bi aldetan ditugu aldarrikapenak, kontsumitzaile bezala eta ekoizle bezala. Prezioen igoera distribuzio kateek sortzen dute, guk ez dugu prezioen igoera hori ikusten gure produktuetan".