ELAk ez du Osasuneko Mahai Sektorialean parte hartuko, "Medikuen Sindikatuari soilik mesede egiten dioten akordioak ez legitimatzeko"

Euskalerria Irratia 2023ko api. 27a, 13:20

ELAko ordezkari Imanol Pascual eta Saioa Urriza, Maiatzaren Lehenera begira berriki egindako agerraldian.

LABek, UGTk eta Satsek lorturiko akordioak edukirik gabekoak eta eskasa direla salatu du.

Osasun Mahai Sektorialak bilkura eginen du bihar, Osasun Departamentuak, Medikuen Sindikatuak, Satsek, LABek eta UGTk adostutako akordioei onespena emateko. ELAk ohar baten bitartez iragarri du ez duela horretan parte hartuko, "Medikuen Sindikatuari bakarrik mesede egiten dioten akordioak ez legitimatzeko".

Akordio horien edukiaz ELAk agirian adierazi duenez, "benetan onura jaso duen kolektibo bakarra medikuena da, soldata 400 euro igoko baitzaie hilero". Ildo beretik, ELAk uste du Osasun Departamentuaren eta Satseren arteko akordioa "zehaztugabea" dela, "erizainen eta fisioterapiaren beharrei erantzuten ez diena".

Era berean, departamentuak LABekin eta UGTrekin egindako akordioa "edukirik gabeko akordioa" dela azpimarratu dute, "bi sindikatu horiek EH Bildurekiko eta PSNrekiko duten autonomia faltatik soilik azaltzen dena".

Biharko bilkuran halaber Karrera Profesionala Garatzeko Foru Legearen zirriborroa aurkeztuko da, eta, ELAren ustez, "ez du bermatuko karrera profesionala ezarri ahal izateko aurrekonturik izango duenik".

Sindikatuaren iritziz, "Nafarroako Osasun Zerbitzuaren egiturazko gabeziei aurre egiteko, ezinbestekoa da inbertsioa handitzea; izan ere, egun, Nafarroan barne produktu gordinaren % 5,6 baino ez da bideratzen zerbitzura, UPNren garaian bideratzen zen kopuru bera, eta hori Europar Batasuneko batez bestekoa baino hiru puntu txikiagoa da".

"Egoera honek hausnarketara eraman beharko lituzke Nafarroako azken zortzi aurrekontuak onartu dituzten alderdi politikoak (PSN, Geroa Bai, Podemos, EH Bildu eta Ezkerra-Ezkerra), osasun publikoko inbertsioa handitzeko gai izan gabe", adierazi dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!