Iragan azaroan Irulegiko Eskua aurkitu zuten eta geroztik Irulegiko gazteluaren arrastoek eta Burdin Aroko herrixkaren aztarnek interesa piztu dute. Hala, ‘Irulegiko multzoa’, gazteluaren arrastoak eta Brontze Erdialdetik Burdin Aroaren amaierara bitarteko aurreko habitat protohistorikoa —antzinako kastroa, erromatarren garaiaren aurreko gotorlekua eta aurrekastroa barne— Kultur Interesko Ondasun izendatu ditu gaur Kultura eta Kirol Departamentuak.
Nafarroako Gobernuak adierazi duenez, eremuak kontserbazio-egoera aproposa dauka Nafarroan Kristo aurreko 1. milurtekoa ezagutze aldera. Gainera, “euskal lurraldea egituratuko zuen oppidum gotorleku nolatan bihurtu zen jakiteko ere” egokia dela nabarmendu dute. Gobernuaren izendapenak berekin dakar zona arkeologikoa izendatutako gunea legez babestea. Hau da, Kultura Ondareari buruzko Foru Legeak adierazten duenez, ondasunaren jabeek (Aranguren Ibarreko Udalak eta partikularrek) eremua eta ondasunak babestu eta zaindu beharko dituzte.
Bestalde, mugatutako eremuan edozein esku-hartze egiteko Kultura eta Kirol Departamentuaren aldez aurreko baimena beharko da, eta Aranguren Ibarreko Udalak hirigintza-antolamenduko tresnak egokitu beharko ditu ingurunea babesteko. Arkeologia-gunearen kultura, olgeta eta ingurumen erabilera sustatzeko ardura izango du ere bai.