Idurre Eskisabel: “Ofizialtasunaren aldarrikapena euskaldun eta euskaltzaleetatik haratago eraman behar dugu”

Juan Kruz Lakasta Zubero 2023ko api. 21a, 13:04

Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabel, atzoko ekitaldian. (Argazkia: Kontseilua).

Euskara Nafarroa osoan ofiziala izan dadin aldarrikatzeko, Euskalgintzaren Kontseiluak agerraldia egin zuen atzo arratsaldean foru parlamentuaren aitzinean. Iazko abenduaren 15ean, Nafarroako Euskararen Legearen 36. urteurrenaren ingurumarian, euskararen ofizialtasunaren aldeko sinadura bilketari ekin zioten, eta dagoeneko 206 eragilek egin dute bat ekimenarekin. Agerraldia burutu berritan elkarrizketatu genuen Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabel.

Ofizialtasunaren aldarrikapena berresteko 206 elkartek agiria sinatu duzue eta sinatzaileok agerraldia egin duzue Nafarroako Parlamentuaren aitzinean. Zein mezurekin?

Mezu sinple baina konplexu batekin: batetik, esatea, aldarrikatzea, erdigunean jartzea Nafarroa osoan euskara ofiziala izatea funtsezko gako bat dela nafar guztien herritartasuna berdintasunean gauzatu dadin, eskubideak ez direlako hizkuntzenak, eskubideak gorpuzten direlako hiztunetan, pertsonetan, eguneroko ekintzetan eta hautuetan eta posibilitateetan. Esate baterako, Nafarroako herri guztietan haurrek euskaraz edo euskara ikas dezaten. Halako gauzetan gorpuzten da. Euskara Nafarroa osoan ofiziala izateak ekartzen duela bide bat bizikidetzan sakontzeko, justizia sozialean aurrera egiteko eta kohesio soziala hobetzeko.

Udal eta foru hauteskundeen atarian egin duzue agerraldia. Zergatik?

Ez da kasualitatea. Dinamika hau atzetik dator eta aurrera begira ere garatuko dugu, baina lehendabiziko jendaurreko kolpea gaurko egunez egin nahi izan dugu Nafarroako Parlamentuaren aurrean adierazteko laster datozela hauteskundeak eta datorren Nafarroako Parlamentua osatuko duten indar politikoei eskatzeko euskararen ofizialtasunaren eskaria har dezatela aintzat, jar dezatela erdigunean, hain justu arestian esan dudanagatik: bizikidetzaz ari garelako, justizia sozialaz ari garelako eta gizarte kohesioaz ari garelako, eta horiek guztiak jendarte bateko funtsezko gaiak direlako.

Agerraldian esan duzue ofizialtasunaren aldarrikapena euskaldun ez diren nafar herritarren artean ere zabaldu nahi duzuela. Nola?

Gore gogoeta hori da, lehen aipatzen nuenaren ildotik: ofizialtasunaren onura ez da euskaldunentzako soilik, baizik eta gizarte osoarentzat. Irakurri dugun agirian diogu ofizialtasunaren giltza ez dela ateak ixteko baizik eta ateak zabaltzeko. Uste dugu garrantzitsua dela auzi hau euskaldun eta euskaltzaleotatik haratago eramatea eta adieraztea lehen aipatu dudana: funtsean eta sakoenan bizikidetzaz ari garela, eguneroko jardunean gorpuzten zaizkigun gauzei buruz ari garela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!