Nafarroako 206 eragilek egin dute bat euskararen ofizialtasunaren aldeko manifestuarekin

Euskalerria Irratia 2023ko api. 20a, 20:20

Nafarroako Parlamentuaren aurrean egindako agerraldia.
  • Euskalgintzaren Kontseiluak “ofizialtasunak ez diola inori eskubiderik kentzen” aldarrikatu du.
  • Nafarroako Parlamentuko alderdi politikoei dei egiten die eskaera aintzat har dezaten.

Euskararen ofizialtasuna aldarrikatu du ostegun honetan Euskalgintzaren Kontseiluak Nafarroako Parlamentuaren aurrean egindako ekitaldi batean.

Euskararen alde lan egiten duten erakunde eta eragileak biltzen ditu Kontseiluak eta gaurko elkarretaratzean adierazi dutenez, hainbat eremutako 200 kolektibo baino gehiagok bat egin dute aldarrikapen horrekin. Iazko abenduaren 15ean, Nafarroako Euskararen Legearen 36. urteurrenaren harira, euskararen ofizialtasunaren aldeko sinadura bilketa abian jarri zuten eta egun, 206 eragilek bat egin dute.

Idurre Eskisabel Euskalgintza Kontseiluko idazkari nagusiak Euskararen Foru Lege berri bat eskatu du, ofizialtasunaren aitortza Nafarroako lurralde osora zabaltzeko. "Ofizialtasunak ez dizkio inori eskubideak kentzen, ez dituenari ematen dizkio. Ofizialtasuna ez da ateak ixteko giltza, ateak irekitzeko giltza baizik ", ziurtatu du. Halaber, hauteskunde garaia dela eta, batez ere, Nafarroako Parlamentuko alderdi politikoei dei egiten die Kontseiluak eskaera mahai gainean jar dezaten.  

Nafarroako lurralde osoko eragileek eta euskararen sustapenaren alorretik kanpo jarduten zenbaitek sinatu dute ere bai, haien artean: Tafallako Txoznak, Nafarroako Ateneoa, Colectivo El Salvador Elkartasuna, Iruñeko Peñen Federazioa, Etxalarko Herriko Ostatua, Duguna dantza taldea, Nafarroako Kristau Sareak, Irantzu Mankomunitateko Euskara Zerbitzua, Uharteko arte garaikideko zentroa, Butaca 78, Gizarte Eskubideen Gutuna, etorkinei laguntzeko elkarteak, eta ELA, LAB, Steilas, ESK eta Hiru sindikatuak.

Zenbait hedabidek ere manifestuarekin bat egin dute, haien artean: Euskalerria Irratia, TOKIKOM, Xaloa Telebista eta Hekimen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!