LORE legea edo eutanasiaren legea delakoa onartu zenetik Nafarroan egin diren 15 eutanasietatik 2 2021ean egin dira eta 13 iaz, Berme eta Ebaluazio Batzordearen aldeko txostenak jaso ondoren. Gaixotasun neurologiko eta onkologikoak dira nagusienak eskaeren jatorrian. Era berean, bi urte horietan bost ukatu dira eta beste bi pazienteak berak ezeztatu ditu.
Hala jakinarazi dute ostegun honetan Carlos Artundo Nafarroako Osasun zuzendari nagusiak, Maria Luisa Los Arcos Nafarroako eutanasia bermatu eta ebaluatzeko Batzordeko presidenteak eta Geno Ochando Osasun Herritartasun, Aseguramendu eta Berme Zerbitzuko arduradunak. Agerraldia egin dute, duela bi urte estatu mailan onartutako Eutanasiaren legea Nafarroan nola aplikatzen ari den ebaluatzeko.
Los Arcosek azaldu duenez, "eskaera gehienek" araudian jasotako baldintzak " %100ean" betetzen dituzte. "Iristen diren kasu gehienak oso argiak dira, legea onartu zen egoera tipikoetan dauden pertsonenak. Eskaera gehienak benetan bat datoz legean aurreikusitakoarekin ", adierazi du.
Eskatzaileen profilari buruz galdetuta, erantzun du ez dagoela alderik sexuari dagokionez, eta batez besteko adina 64 eta 65 urte bitartekoa dela. Diagnostikoaren profilari dagokionez, %40 gaixotasun neurologikoei dagozkie, eta % 33-34 gaixotasun onkologikoei, "espero izatekoa dena, ez gaitu harritu". Guztiak etxean bertan egin dira, bi izan ezik.
Epeei dagokienez, Los Arcosek azaldu duenez, "44 egunetan gaude, batez beste, pertsona batek eskatzen duenetik eutanasia egin arte", eta erantzun hori "guztiz ezohikoa" da, kontuan hartuta legeak ezarritako gehienezko epeak bi hilabetera arte luza daitezkeela. "Oro har, ez dira inoiz agortzen eskaerei erantzuteko legez ditugun epeak, epe horiek laburtu ditzakegu zorroztasuna eta seriotasuna galdu gabe, denbora hori doitu dezakegu eta erantzun bat eman, aldekoa ala ez, baina erantzuna nahiko azkar eman", adierazi du.
Bestalde, Artundo zuzendariakk bi urte horien balorazio "positiboa" egin du, izan ere, "Nafarroan legea betetzen ari dela eta herritarren eskubidea bermatzen ari dela uste dugulako".
Nafarroan erregistratutako kontzientzia-eragozleei dagokienez, Artundok azaldu du medikuntza, erizaintza eta psikologia arloetako 303 profesional direla, hau da, profesionalen %4,5, gutxi gorabehera.