2025eko uztailean, kutsaduraren aurkako Euro 7 araua jarriko dute indarrean. Atzo, VW Nafarroako zuzendaritzak lan batzordearekin bilera egin zuen, horrek Landabengo lantegiaren ekoizpenean izanen dituen eraginak azaltzeko, eta aurreikuspenek kezka eragin zieten sindikalistei. Izan ere, auto elektrikorako trantsizioak milaka lanpostu kolokan jarriko ditu, urte eta erdiz.
2024an, Landabenek polo modeloa ekoizteari utziko dio, lau hamarkadaren ondotik. Horren poderioz, ekoizpena ohikoaren ia erdira jaitsiko da2025ean. Azken urteotan, VW Nafarroak 300.000 ibilgailu inguru ekoizten ditu urtean. Aldaketarik ezean, 2025ean ekoizpena 150.000ekoa izanen da. Horrek zereginik gabe utziko lituzke langileen erdiak.
Nolanahi ere, behin behineko egoera izanen litzateke. Izan ere, zuzendaritzaren aurreikuspenen arabera, Landaben 2026ko bigarren seihilekoan hasiko da ibilgailu elektrikoak fabrikatzen. Hartara, 2026an bertan ekoizpena 200.000 ibilgailukoa izatea espero dute, eta 2027ean 300.000koa. Gainera, zuzendaritzaren arabera, ibilgailu elektriko bat muntatzeko konbustio ibilgailu bat muntatzeko baino 45 minutu gehiago beharko dira eta, hartara, lan zama ez da jaitsiko.
Sindikatuak kexu azaldu ziren atzo, datuon berri jaso eta gero. Lan Batzordeko buru Alfredo Moralesen arabera, “urte eta erdiz langileen erdiak ez du lan zamarik izanen”, eta hartara “urte konplikatuak izanen dira”. UGT sindikatuko kideak Aldi Baterako Lan Espedientea aipatu zuen irtenbide moduan. CCOOko Carlos Zalduendoren arabera, “txanda bat kenduta ere ez da aski lan izanen beste biak mantentzeko, eta ezinen zaie lanik eman langile guztiei”. Hori horrela, UGTko ordezkariak bezala, CCOOa Aldi Baterako Lan Espedientearen alde azaldu zen.
Sindikatu abertzaleek, aldiz, lasaitasunerako deia egin zuten. ELAko Igor Peñalverrek txakalaldiaren behin-behinekotasuna nabarmendu zuen: “Ezustekoa eman digute 2025eko ekoizpenarekin, eta urte eta erdi zailak izanen ditugu, baina 2026an ekoizpena berreskuratzen hastea aurreikusten da, eta lasaitasunez hartu behar dugu”. LABeko Raul Portillo kezkaturik azaldu zen: “Ezustekoa hartu dugu eta kezkaturik gaude, baina aukera egokia izan diateke lan banaketan eta 32 lan orduko astean aurrera egiteko”.