Sanferminak 78 Gogoan-ek kexa aurkeztu dio Arartekoari gobernuak ez diolako erantzun 2019an proposatutako unitate didaktikoari

Iosu Ganuza Garcia 2023ko mar. 28a, 18:03

German Rodriguezen heriotza eragin zuten gertakariak eskoletan lantzeko proposamena aurkeztu zuten duela hiru urte. 

Sanferminak 78 Gogoan elkarteak kexa bat aurkeztu du Nafarroako Arartekoaren aurrean, Hezkuntza  Departamentuak eta Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako Gobernuaren Memoriadun Eskolen Programan 1978ko Sanferminetan gertatutakoei buruzko unitate didaktikoa “sartzeari buruz 2019ko azaroaren 4an aurkeztutako eskaera baten harira hiru urte baino gehiagoz etengabe izan duten jarrera gutxieslea salatuz”.

Kexan adierazi dute jokabide horrekin, gainera, ez diela “jaramonik egin Arartekoak berak Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiari egindako gomendioei” 2021eko irailean, aipatutako eskaerari dagokionez, eta legearen ikuspegitik “herritarren parte-hartzearen printzipioa, eskatzeko oinarrizko eskubidea eta Administrazioak administratuari arreta egokia, arduratsua eta diskriminaziorik gabekoa emateko duen betebeharra” urratzen dituela. Gogorarazi dute epe hori aurkeztutako kexan aipatzen den Konstituzioko, Estatuko eta Nafarroako Foru Erkidegoko araudiak ezartzen dituztela.

Aurrekoaren ondorioz, Arartekoari eskatzen diote “esku har dezala Hezkuntza Departamentua eta Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusien aurrean (Herritarren Harremanetarako Departamentuaren menpe da)”, berehala ireki dadin “gure elkartearekin hitz egiteko prozesu bat, lehenbailehen onar dezan 1978ko sanferminei buruzko gure unitate didaktikoa Nafarroako Gobernuaren Memoriadun Eskolen Programan sartzeko”.

Kexa hori, gainera, Nafarroako Parlamentuko taldeei eta Nafarroako Gobernuko Jardunbide Egokien Bulegoari helarazi diete, “jakinaren gainean egon daitezen eta ondorioak izan ditzaten”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!