SAE, ELA eta CCOO sindikatuak “antzezpen tamalgarria” egiten ari direla salatu du LABek

Euskalerria Irratia 2023ko mar. 23a, 10:14

“Harriturik” da LAB sindikatua Osasunbideko akordioarekiko kontrakotasuna agertzeko da SAE, ELA eta CCOO sindikatuek hartutako jarrerarekin. Akordioa “antidemokratikotzat” jo dutela iritzi dio sindikatuak: “LABek ez du halakorik onartuko”.

“Edo SAE, ELA eta CCOO sindikatuek ez dakite zenbatzen, edo ez dakite zein den funtzionatzeko modu demokratikoa, edo badakite eta bortz axola zaie, orain egiten ari direna guztiz elektoralista den erasoa baita”. Irmoki gaitzetsi du LAB sindikatuak Osasunbideko akordioa sinatu ez duten sindikatuek izandako jarrera. Akordioarekiko kontrakotasuna agertzeko “antzezpen tamalgarri eta hiperbentilatua” egin dutela uste du. 

Osasunbideko langileen ordezkarien gehiengoak sinatu du akordioa. LAB da Osasunbideko lehen indar sindikala, 13 ordezkarirekin. SAEren ordezkari kopurua bikoiztu egiten du (6 ditu), eta ia hirukoiztu ELAren (5) eta CCOOren (4) kasuan. UGTk sei ditu. “Talde intersindikal batean, edo Enpresa Batzorde batean, ordezkaritza duten sindikatu guztien adostasunik ez dagoenean, gehiengoek agintzen dute. Horretan ez dago ezer antidemokratikorik, eta kontrakoa erratea gezurra erratea da eta Nafarroako gizartea engainatu nahi izatea da”, kritikatu dute.

LABek mobilizazioen aldeko apustu “zintzoa eta irmoa” egin zuela argitu du sindikatuak ohar bidez, eta erraza izan ez zela aitortu: “ELAk ez zuen greba ikusten, eta SAEk eta CCOOk zalantzak zituzten”. Horiei esker, ordea, hobekuntza laboralak eta ekonomikoak lortu dituztela ziurtatu du. “Karrera profesionalaren garatzea, langile guztiei jaiegun bereziak berdin ordaintzea, eta esklusibotasuna dagoen bezala uztea eta hura kontrolatzea eta monitorizatzea”, zehaztu dute. 

Akordioa sinatu ez duten sindikatuek edukiarekiko izan duten iritzia deitoratu du, bestalde, sindikatuak. “Harrigarria” iruditu zaie SAEren jarrera: “Begi onez ikusten zuen akordioaren edukia, baina ez zuen sinatu nahi izan, ez baitzuen lortu Erizaintzako Zaintza Osagarrien Teknikariendako eta Osasun Teknikariendako soilik izanen zen soldata osagarri bat; sinadura horrekin bat egiten omen zuten ELAko ordezkari batzuek”. CCOOren kasuan, sindikatuak adierazi du, telefonistentzako maila igoera bat estaliko lukeen funts gehigarrien gauzatzea behin eta berriz proposatzeak urrutiratu egin duela sinaduratatik.

Mobilizazioen aurrean izan duten jarrera ere kritikatu du LABek: “Aldez aurreko mobilizazio guztien erantzukizuna eta grebaren prestaketa LAB sindikatuaren sorbalda gainean erori da bakarrik. Alde horretatik, etsigarria izan da berriz ere egiaztatzea CCOO eta ELA sindikatuek Osasunbidean lanerako eta mobilizaziorako duten gaitasun eskasa”. Sindikatu horiei hauteskunde-emaitzak eta bien arteko hauteskunde-lehia besterik ez zaiela axola iritzi dio LABek. 

Autonomia falta egotzi diote akordioa sinatu ez dutenek LABi. Sindikatuaren aburuz, ez da zintzoa ELA eta CCOO ez direlako autonomoak. EAJko politikari kontserbadore eta neoliberal ospetsuak ELAn afiliatu direla adierazi du LABek: “Andoni Ortuzar bera adibidez”. Nafarroako EAJ ukitu duten “Davalor” eta “Maskaren” auzien aurrean ELAk “isiltasun konplizea” izan duela ere kritikatu dute. LABek salatu du, bestalde, CCOO sindikatuak hamarkadatan diru publikoarekin finantzatu dituela bere egiturak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!