LABek eta UGTk akordioa sinatu dute Osasun departamentuarekin

Euskalerria Irratia 2023ko mar. 21a, 13:04

  • Osteguneko greba bertan behera utzi dutela adierazi dute LAB eta UGT sindikatuek.
  • EH Bildu eta PSNrekiko “autonomia falta” leporatu die sindikatuei ELAk. Beste lanuzteren bat egiteko aukera aztertzen ari dira SAErekin eta CCOOrekin.

LABek eta UGTk Osasun departamentuarekin akordioa lortu ostean, bertan behera utzi dute ostegun honetarako, martxoaren 23rako, Osasunbideko intersindikalaren greba. Bi sindikatu horiek gehiengoa dute, eta, komunikatu baten bidez adierazi dutenez, "negoziazio-aldi luze baten ondoren", akordio bat lortu dute, "Osasunbideko langile guztientzat antolamendu eta ekonomia hobekuntzak dakartzana eta intersindikalak eskatutako aldarrikapenen zati bat bideratzen duena".

Apirilaren bigarren hamabostaldean osasuneko mahai sektoriala deituko dute, gaiak lantzen hasteko. "Gure ustez, akordioa sinatzeak erantzukizun intrintsekoa eskatzen du, eta bi sindikatuok erantzukizun hori gure gain hartzeko prest gaude", adierazi dute. 

Sindikatuen artean desadostasun sakonak dituztela aitortu dute SAEk, ELAk eta CCOOk. ELAk ohar bidez azaldu du, haien iritziz Nafarroako Osasun departamentuak egindako proposamenak ez dituela konpromiso zehatzak jasotzen, aurrekontu partiden baldintzapeko “asmo zehaztugabeak” baizik. LABek eta UGTek EH Bildu eta PSNrekiko “autonomia falta” dutela uste du ELAk: "Akordio huts bat sinatu dute, Osasunbideko langileentzako hobekuntzarik ekarriko ez duena, eta grebarako 48 ordura egin dute. Inoiz baino gehiago, agerian geratzen da sindikatuak alderdi politikoekiko independenteak izateko beharra". 

Osasunbidearekin akordioa babesten ez duten sindikatuak, greba egun berriak deitzeko aukera aztertzen ari dira, akordioari eta parlamentuan onartuko den lege proposamenari kontrakotasuna agertzeko. LABek greba egiten utziko ez diela salatu dute, sindikatu horrek utzi duelako bertan behera deialdia. Protestaren bat antolatuko dute ostegunerako. 

Akordioaren xehetasunak eta sindikatuen arteko desadostasunak

  • Antolakuntza, plantillaren tamaina eta lankargaren egokitzea: "Berehala" lan-talde bat eratzea erabaki dute, "irizpide objektiboen arabera plantillaren beharrak aztertzeko 2023. urterako eta hurrengo aurrekontu-ekitaldietarako, bereziki kontuan hartuta ordezkapenak, jarduera maximoak eta lan-gainkargak dituzten zentroak ziurtatzeko beharrak".
  • Jaiegun berezien osagarria: Egun horietan lan egiten duten langile guztiek ordainsari bera jasoko dute, titulazioaren maila edozein dela ere. Ordu bakoitzeko 22 euro ordainduko zaizkie.
  • Esklusibotasuna: Indarrean dagoen araudia mantenduko dute, baldintzetan aldaketarik egin gabe. "Informazio gardena eta eguneratua izateko behar diren baliabideak sortuko dira", azaldu du LABek. Azpitalde bat eratuko dela gaineratu du ELAk.
  • Mailen kokapena: Funtzio Publikoaren eta ordezkaritza sindikalaren arteko lan taldea osatuko da, eta LABek nabarmendu duenez Osasuneko mahai sektorialean ordezkaturiko sindikatuen eskaerak transmitituko zaizkio. ELAk dio Mahai Orokorrean aztertuko dutela adostu dutela.
  • Karrera profesionala: LABek jakinarazi duenez, Osasunbideak hitzematen du arau-testuaren zirriborroa Osasuneko Mahai Sektorialean aurkeztuko duela, legean ezarritako denbora-esparruan eztabaidatzeko, negoziatzeko eta, hala badagokio, onartzeko, hau da, 2023. urteko lauhileko hau bukatu baino lehen. "Behar den aurrerapenarekin", gainontzeko osasun langileen karrera profesionalari buruzko foru legearen zirriborroa igorriko zaie sindikatuei, eztabaidatu, negoziatu eta mahai sektorialean onetsi dezaten. ELAk salatu du ezarpena aurrekontu nahikoa egotearen araberakoa izango dela. Osasunbidearen konpromiso bakarrak "zirriborroak" eztabaidatzea, proposatzea eta bidaltzea direla deitoratu du.
  • Osasun arlokoak ez diren langileak: urtean plantillaren legezko ordezkaritzarekin landuko da karrera profesionala gaur egun onartua ez dutenentzako karrera hori arautuko duen eta gutxika-gutxika ezarriko duen arau marko bat. 
  • Lehen Arretako erronketan parte hartzea: Osasun Departamentuak konpromisoa hartu du Osasun Mahai Sektorialaren parte-hartze aktiboa errazteko eta bermatzeko Lehen Arretaren Erronkan eta Lehen Arretako Ekintza Planean, bereziki horiek ezarri eta garatzeko lanetan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!