Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuak jardunaldi bat egiten ari da herri-administrazioetako hizkuntza-plangintzaren beharra nabarmentzeko. Bertan, Foru Administrazioko 13 departamentuetako hizkuntza-planen ebaluazio-prozesua aurkeztu du gobernuak. Plan horiek 2020-2022 aldirako foru-agindu bidez onartu ziren, eta aurki abiatuko dute bigarren plangintzaldia.
Jardunaldia Euskarabidearen egoitzan egiten ari dira, eta Herritarrekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollok aurkeztu du. Planen garrantzia azpimarratu du kontseilariak, eta aitortu du horiei lotutako lanpostu elebidunen gaineko atala onartu gabe dagoela: “Departamentuek egin dituzte proposamenak, baina Funtzio Publikoaren esku dago gaia”.
103/2017 Foru Dekretuaren 6. artikuluan arautzen da Foru Administrazioaren hizkuntza-plangintza, eta oinarrizko helburua da Nafarroako herritarrei kalitatezko zerbitzu publiko elebidunak eskaintzea, euskaraz zein gaztelaniaz.
Ekitaldian Jaurlaritzako, Euskaltzaindiko, NUPeko edo Nafarroako Parlamentuko hainbat sailetako ordezkariak izan dira. Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentea ere bertan izan da.
Euskarabideak hizkuntza-planen garapenean egindako aurrerapenak aurkeztu ditu, zerbitzu telematikoei, hizkuntza-paisaiari edo herritarrei ahozko arreta emateari dagokienez, eta etorkizuneko erronkak eta aukerak aztertu ditu, hurrengo plangintzaldiari begira. Apirilean bilduko den Euskarabidearen Gobernu Kontseiluarekin kontrastatu ondoren, planen ebaluazioari buruzko azken txostena argitaratuko dute.
Era berean, jardunaldian beste erkidego batzuetako esperientziak ezagutu ahal izan dira, hala nola EAEko Euskararen Planak, edo toki-mailakoak, Bortzirietako Euskararen Plan Estrategikoa kasu.