Trafiko eskumena berreskuratzeko Nafarroa eta Espainiaren arteko aurre-akordioa aho batez berretsi Nafarroako alderdi nagusiek. Atzo bildu zen Transferentzien Batzordearen nafar aldea aurre-akordioa lantzeko, eta xehetasun gehiago eman ditu Nafarroako Gobernuak eskumenaren esku aldaketaz.
Uztailaren 1etik aurrera, era mailakatuan bereganatuko du zerbitzua Nafarroak. Lau urteko epean gauzatuko da transferentzia, eskualdaketa Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik (apirilean edo maiatzean). Ondorioz, 2027ra arte, guardia zibilak nafar errepideetan lanean jarraituko dute.
Transferentzia sinatzea izanen da lehenengo urratsa. Atzo gobernuak azaldu zuenez, “datozen egunetan” deituko dute bilera Espainiako ordezkariekin. Gobernuko kideez gain, Juan Luis Sanchez de Muniain (Navarra Suma), Ramon Alzoriz (PSN), Uxue Barkos (Geroa Bai), Adolfo Araiz (EH Bildu), Mikel Buil (Ahal Dugu) eta Javier Jimeno (Ezkerra) ordezkari politikoak izan ziren atzoko bilkuran.
Guardia zibilentzako pasabidea
Behin sinatuta, trafikoko Guardia Zibilak Foruzaingoan borondatez sartzeko pasabidea aktibatuko dute. Une horretan zehaztuko dute zenbatek izanen duten aukera horretarako, baina aurre-akordioan jaso dutenez, uniforme gorria jantziko duten guardia zibilei soldata mantenduko die gobernuak, arriskuagatik jasotzen duten gehigarria barne.
Nafarroako Guardia Zibilaren trafiko kideak, Foruzaingora igarotzen ez badira, Nafarroako Guardia Zibilaren beste zerbitzu batzuetan ariko dira, edo, hala eskatzen badute, beste autonomia-erkidego batzuetako Guardia Zibilaren trafiko-unitateetara bideratuko dituzte.
Egin dituzten neurketen arabera, guztira 149 foruzain gehiago behar ditu Nafarroako Gobernuak zerbitzua eskaintzeko. Egun 227 dira Trafikoaren eta Bide Segurtasunaren arloan ari direnak. Foruzaingoan sartuko diren guardia zibilak zehaztuta, lan eskaintza publikoa eginen du gobernuak.
Hamabost milioiko kostua aurreikusi dute
Beharrezko foruzain guztiak izendatuta hartuko du zerbitzua bere gain Nafarroak. Orain Guardia zibilaren esku dauden hamar funtzio jasoko ditu, denera: isunak kudeatzea, autoeskolak eta gidarien zentroak kudeatzea, gida baimenaren puntuak berrezteko eta berreskuratzeko ikastaroak, bide-hezkuntzako eta -prestakuntzako kanpainak, errepideak zaindu eta kontrolatzea, kirol-probak edo ibilgailu historikoekin ekitaldiak baimentzea. Aurreikusi dutenez, hamabost milioi euroko kostua izanen du eskuduntzak Nafarroarentzat.
Eskualdaketa gauzatzen denetik 2024ko abenduaren 31ra arte, salaketa egiten duen polizia-kidegoa edozein dela ere Espainiako administrazioaren esku izanen da isunen izapidetzea, ebazpena eta diru-bilketa. 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, izanen da Nafarroaren ardura.
Pasabidearen bidez Foruzaingoan sartzen diren Guardia Zibileko kideez gain, beste hiru plaza eskualdatuko dira. Bi betetzen dituzten pertsonekin, hirugarrena hutsik dago egun. Baliabide materialei dagokienez, zazpi ibilgailu, zortzi radar, datuak hartzeko estazio bat eta gurutzatzeko panel adimendun bat, 33 etilometro digital eta bi zinemometro eskualdatuko dira.