Mikel Arregi: “Polarizazio induzitu batek eragin du euskararen aurkako jarreren igoera”

Juan Kruz Lakasta Zubero 2023ko mar. 14a, 13:53

Ezagutzaren goranzko joera mantendu izana eta erabilera bere horretan geratu izana nabarmendu du Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak, Euskalerria Irratian egin diogun bideo-elkarrizketan.

Mikel Arregiren aburuz, ostiralean plazaraturiko VII. Inkesta Soziolinguistikoak euskaltzaleentzat zenbait albiste on utzi ditu: “Orokorrean hartuta, azken urteotan mantendu egiten da ezagutzaren bilakaera goranzkoa”. Horri esker, egun nafarren %24,7 dira euskaldunak edo euskaldun hartzaileak, zenbaki absolutuetan 2016an baino 10.500 gehiago. Hamasei eta 24 urte arteko gazteen artean, %40ra iristen dira euskararen nolabaiteko ezaguera dutenak. Nolanahi ere Arregik aitortu du gaitasunen inguruko datuak ez direla “hain onak”: 1991n hiru euskaldunetik bi hobeki moldatzen ziren euskaraz gaztelaniaz baino. Egun erdiak baino gehiago hobeki moldatzen dira gaztelaniaz. Gazteen artean %70era iristen dira.

“Erabileran igotzea korapilatsuagoa da”

Inkestaren arabera, euskararen erabilera inoizko altuena da egun Nafarroa Garaian, %12,3koa hain zuzen ere. Hazkundea, baina, apalagoa izan da ezagutzarena baino: 0,2 puntukoa hain justu. Alor horretan gora egitea zailagoa dela ohartarazi du Arregik: “Erabileran bilakaerak aldatzeko prozesuak askoz korapilatsuagoak dira. Ikerketak ez du neurtzen, baina herritarrak zenbat aukera duen euskara erabiltzeko erabili nahi duenean, horrek ere baldintzatu egiten baitu. Estres linguistikoa bezalako kontzeptuak daude hor. Abiatu dira herritarrari laguntzeko estrategia batzuk azken urteotan, Euskaraldia  adibidez, eta etorkizunean ikusiko dugu zenbateko eraginkortasuna duten”.

Hori guztiori horrela, Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak esan du datuek leku onean uzten dutela egiten ari den hizkuntza politika: “Informazioa ematen digute egiten den hizkuntza politikaren ebaluazioa egiteko, eta ebaluazio horretan datu positiboa da”.

Jarrera “kezkagarriak”

Nolanahi ere, ostiralean plazaraturiko datuek badute ifrentzu bistako bat: euskararen sustapenaren aitzinean nafarrek dituzten jarrerena, hain zuzen ere.  Nafarren %37 kontra daude, %33 ez alde ez kontra eta %30 alde. Arregiren aburuz, datuak “kezkagarriak” dira, baina “beren testuinguruan” kokatu behar dira: “Kontrako jarrerak nabarmenki igo ziren 2016ko inkestan. Oraingoa 2016koarekin alderatzen badugu, ez da igo. Igotzen ari dena da ez alde ez kontrako jarrera, posizio zentral ez aseptikotzat har genezakeena”.

Arregiren irudikoz, gakoa da 2016ko polarizazioa mantendu egin dela: “2016ko polarizazio hori induzitua izan zen, medioen bitartez diskurtso faltsuak hedatu zirelako, gobernutik inposaketa politikak egiten ari zirela gizarteratu zelako. Nik esanen nuke  oraindik aurkakoen artean ikuspegi hori badagoela, nahiz eta errealitateak ez duen baieztapen hori bermatzen”. Nolanahi ere, Euskarabideko buruaren iritziz, “horrek ez du esan nahi ezabatu behar dugunik hor dagoen ikuspegia. Ikusi behar dugu zein den zergatia, eta zein gauzatan agian ez dugun asmatzen”.

“Gazteek normaltasuna atzematen dute”

Jarreren datuak bereziki kezkagarriak dira 16 eta 24 urte arteko gazteen artean: %39 aurka dago, %33 ez alde eta ez kontra eta %27 soilik alde, nahiz eta %40 diren euskaldunak edo euskaldun hartzaileak. “Gazte euskaldunen artean agian euskararekiko atxikimenduan ez dago beren gurasoen edo aurrekoen atxikimendu bera, gauza asko herri euskaldunetako herri instituzioetan euskaraz egin ditzaketelako. Beraz aldekotasuna ez da gauzak lortzeko helburutik elikatuta baizik eta egunerokotasunean normaltasuna pertzibitzetik, oraindik normaltasun batetik urrun bagaude ere”, azaldu du Arregik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!