Nor bere aldetik salatuko dituzte ELAk eta LABek lan istripuak, aurrerantzean. ELAk hartu du erabakia, “LABek Osalanen eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan parte hartzea erabaki duelako”. Sindikatuak azaldu duenez, parte hartze horrek urteetako elkarlana bertan behera uztea eragin du. ELAk eta LABek elkarrekin utzi zuten Nafarroako Institutua, erakunde horretan parte hartzearekin desados zeudelako. “Erakunde horietan parte hartuz, ontzat ematen dira lan osasunean dagoen gabezia eta ondorio larriak”, azaldu du ELAk.
Datozen asteotan, lan osasunean bide berria urratuko du ELA sindikatuak lan istripu eta bestelako lan osasuneko arazoetan gobernuen eta enpresen arteko konplizitatea azaleratzeko. “Izan ere, datuek erakusten dute prebentzio neurriek huts egiten dutela ikuskaritza txikiagatik eta inbertsio faltagatik, eta lan heriotzak merkeegiak direla enpresarientzat”, adierazi dute ohar bidez. Sindikatuaren kalkuluen arabera, 2022an 20 lan heriotza izan ziren Nafarroan. Lan istripu ez traumatikoak hazten ari direla ohartarazi dute.
Egoera hori izanagatik, sindikatuak salatu du aurrekontu publikoen %0,01 bideratuko dela soilik prebentzio lanetara. “Eskandalu hutsa da”, ebatzi dute. “Baita Nafarroan dauden ikuskari kopuru murritza ere, Europako batez bestekoaren erdia baino gutxiago: Nafarroan 15 ikuskari daude, eta 40 izan beharko lukete batez bestekora iristeko”.
Erantzuleak azaleratu nahi ditu sindikatuak. “Enpresariak dira errudunak langileen osasuna ez delako euren lehentasuna, lan baldintzak prekarizatzeko estrategia darabiltelako eta prebentzio neurri egokirik hartzen ez dutelako. Eta gobernuak ere badira erantzuleak, enpresariek eragindako prekarietatea onartzen dutelako eta ez dutelako baliabiderik ezartzen enpresa prekarizatzaileak kontrolatzeko”, azaldu dute. Aurrerantzean ELAk konplizitate hori azpimarratzeko leloak erabiliko ditu.