Sanfermines 78 Gogoan! ekimenak Iruñeko Auzitegietan kereila kriminal bat aurkeztu du María Concepción Edo Gilek jasandako torturengatik. Iruñeko Poliziaren Komisarian zegoelarik jaso zuen erasoa Edo Gilek.
Keireilariak 19 urte zituen 1973ko ekainaren 19an atxilotu zutenean Motor Ibérica enpresako greba batekin loturik. Greba horrek, gero, “bide eman zion greba orokorrari Nafarroan” ohar bidez memoria plataformak azaldu duenez.
Sanfermines 78 Gogogan!-eko kideek zehaztu dutenez “María Concepción Edo Gili leporatu zioten FRAPeko kide izatea eta legez kanpoko propaganda edukitzea”. Horregatik “harekin batera bertze hamar pertsona gehiago atxilotu zituzten, haien artean, German Rodriguez, LKIko militantea, 1978ko sanferminetan Poliziak erail zuena”.
Bost egunez izan zuten gatibu Edo Gil eta salatu dute “lehen momentutik” jasan zituela “tratu txarrak, kolpeak gorputz osoan eta etengabeko mehatxuak (lokian apuntatu zuten pistola batekin)”, gainera “ zutik egotera behartu zuten atxilotzeak iraun zuen denbora gehienean”. Gaineratu dute “atxilotze aldian, tratu laidogarria” eman ziotela “emakumea izateagatik”.
Iruñetik Donostira
Komisaldegitik igarota, Iruñeko espetxean sartu zuten eta gero Donostiako espetxera eraman. Torturen eraginez honako gaitzak diagnostikatu zizkioten: ureteritis-a (plaka odoleztatuak ureterretan) eta maskuri eta umetokiaren desplazamendua. Oharrean azaldu dutenez, gaitzen ondorioz “sabeleko min kronikoak pairatu ditu”. Madrilen ere izan zen atxilo gero, 1975eko urtarrilean aske geratu aurretik.
Plataformak eta Maria Concepcion Edo Gilek Brigada Politiko Sozialeko (BPS) bi poliziaren kontra jarri dute: José Blanco Martín eta José Bernardo Barbaren aurka.
Azaldu dutenaren arabera haiek izan ziren “aipatutako torturak eragin zizkiotenak”.
Kereila honek bat egiten du Espainiako Estatuko hainbat epaitegitan (Bartzelona, Galizia, Valentzia, Madril) duela gutxi aurkeztu dituzten beste lau kereilekin eta 2019tik jarritako 80 antzeko kereilekin.
Orain arte epaitegi eta auzitegiek aurkeztutako kereilei emandako erantzuna negatiboa izan da, izapidera onartzeari uko egin diote eta artxibatu dituzte. Hala ere oharrean aldarrikatu dute “pisuzko arrazoiak badirela gauzak aldatzeko”.